Gaiak
Prozedurak
|
Gaia: Gure planeta II
Atala: Kontinenteak: Erliebe-unitate handiak
EuropaDATU INTERESGARRIAK:
Europa, Ozeano Artikoaren, Ozeano Atlantikoaren eta Mediterraneoaren artean dagoen kontinente txikia da. Hori dela eta, Asia kontinenteari lotuta dagoen penintsula bat dela esan dezakegu, eta bi kontinenteek Eurasia deritzon blokea osatzen dute. Gibraltargo itsasarteak Afrikatik bereizten du. Europako kostaldean itsaso ugari daude (Barents, Baltikoa, Ipar itsasoa, Kantauri itsasoa, Mediterraneoa ...). Oso kostalde koskatsua da, eta bertan, ugari dira lurmuturrak (Ipar lurmuturra, Finisterre, San Bizente...), golkoak (Botniakoa, Bizkaikoa, Liongoa...), penintsulak (Eskandinaviakoa, Jutlandiakoa, Bretainiakoa, Iberiarra, Italiakoa, Balkanetakoa...), eta uharteak ere (Islandia, Faroe, Britaniar uharteak, Balearrak, Sizilia, Kreta, Rodas...). Erliebean hiru multzo hauek garbi bereizten dira:
Mendiei dagokienez, iparraldean, Eskandinaviako penintsulan, Eskandinaviar mendiak nabarmenduko ditugu (Kabnekaise 2.111 m). Mendi zaharrak dira, eta horregatik, forma biribilduak dituzte eta ez dira oso altuak. Ekialdera, Europaren eta Asiaren arteko muga eginez, Ural mendiak daude. Hegoaldera mendi gazteagoak eta, ondorioz, altuagoak daude: Pirinioak (Aneto 3.404 m), Erdialdeko Mendigunea, Alpeak (Mont Blanc 4.810 m), Karpatoak (Tatra Garaia 2.663 m) eta Kaukaso Mendiak (Elbrus 5.642 m). Apur bat bereiztuta eta hegoalderago, Balkanak eta Dinariar Alpeak daude; azkenik, Apeninoek Italiako penintsula zeharkatzen dute, alderik alde, iparraldetik hegoaldera.
Europako ibaiak, oro har, nahiko motzak dira eta ez dute emari handirik. Ozeano Artikoan itsasoratzen dira Petxora eta Ipar Dvina. Mendebaldeko Dvina, Vistula, Elba, Rhin, Sena, Loira, Duero, Tajo, Guadiana eta Guadalquivir, besteak beste, Ozeano Atlantikoan edo horren itsasoetan itsasoratzen dira. Mediterraneora, berriz, Ebro, Rodano eta Po ibaiak doaz. Danubio, Dniester, Dnieper eta Don ibaiek Itsaso Beltzean isuritzen dituzte urak . Eta, azkenik, Kaspiar Itsasora Volga ibaia (nabiga daitezkeen ibaietatik Europako ibai nagusienetarikoa) eta Ural doaz.
Volga
Europako iparraldean nolabaiteko garrantzia duten aintzirak ditugu ere: Ladoga, Onega, Saimoa, Inari edo Vänern. |