Hasiera Contacto Menua Edukia
1º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Gizadia historia hasi aurretik

Aurkezpena

Stonehengeko cromlecha (Ingalaterra)

Historiaurreak, lehen hominidoak agertu zirenetik Historia hasi zen arteko garaia hartzen du, denbora luzea, beraz. Garai horretako testigantza idatzirik ez dagoenez, Historiaurrea aztertzeko beste testigantza batzuk aztertu behar izaten dira: fosilak, tresnak eta lanabesak, arte-adierazpenak etab.

Hasieran, gizon-emakumeek bizitzeko uzta biltzen zuten eta ehizan aritzen ziren. Historiaurrearen amaiera aldera, Neolitikoan, gizakiak lurra lantzen eta animaliak hezten ikasi zuen. Ehizan eta fruitu bilketan oinarritzen zen ekonomia hura utzi eta ekoizpenean oinarritutako ekonomiara iragatearen ondorioz, gizakiak nomada izateari utzi zion eta sedentario bihurtu zen.

Herrixkak eraikitzen hasi ziren eta merkataritzaren esparruko lehen harremanei ekin zitzaien. Komunikatzeko, kontratuak egiteko, kontuak eramateko eta arauak ezartzeko premia, besteak beste, gero eta larriagoa zenez, idazten hasi ziren eta… horra, Historiaren hasiera!

Helburu didaktikoak

  1. Historiaren, Historiaurrearen eta Protohistoriaren kontzeptuak bereiztea.
  2. Historiaurrearen hainbat zientzia osagarri ezagutzea, bai eta horien oinarriak ere.
  3. Historiaurrea tradizioz zein garaitan banatzen den identifikatzea: Paleolitikoa, Neolitikoa eta Burdin Aroa.
  4. Denbora irudikatzeko teknika desberdinak erabiltzea: grafiko erdizirkularra (iraupena) eta friso kronologikoa (iraupena eta segida).
  5. Hominizazio prozesua ulertzea eta deskribatzea, espezie eta genero nagusiak bereiztea, eta espezieak eta generoak bizi izan ziren Historiaurreko garaiarekin lotzea.
  6. Gizadiaren lehen kulturetako batzuei buruzko datuak ezagutzea, kultura horiek definitzen dituzten ezaugarriak aipatzea eta dagokien Historiaurreko garaiarekin lotzea.
  7. Historiaurreko garai bakoitzeko bizimoduak, jarduera ekonomikoak eta kultura materiala deskribatzea: Behe Paleolitikoa, Erdiko Paleolitikoa, Goi Paleolitikoa, Neolitikoa eta Burdin Aroa.
  8. Iraultza neolitikoa gizadiaren historiako aldaketa prozesu nagusietako bat dela azpimarratzea eta horrek eragindako funtsezko aldaketak aztertzea.
  9. Iberiar penintsulako historiaurreko aztarnategi garrantzitsuenak kokatzea eta Euskal Herria inguruan daudenak nabarmentzea.
  10. Laminak informazio historiko iturri gisa erabiltzea.
  11. Historialariek, ikertzaileek eta erakunde batzuek (museoak, kultur elkarteak, etab.) oraina ezagutzearren egin duten ekarpena baloratzea.

Edukiak

Kontzeptuak

  • Zer da Historiaurrea?

    1. Historiaurrearen kontzeptua.
    2. Zientzia osagarriak: arkeologia, paleontologia eta antropografia.
    3. Arkeologiaren oinarriak: estratigrafia, kronologia eta tipologia.
  • Hominizazio prozesua

    1. Gizakiaren jatorria erlijioaren arabera.
    2. Charles Darwin eta espezieen jatorria.
    3. Ramapithecus-etik Homo sapiens sapiens-era.
  • Paleolitikoko bizimodua

    1. Paleolitikoaren garaiak.
    2. Harriaren industria.
    3. Behe Paleolitikoa: bizimoduak eta kultura materiala.
    4. Erdiko Paleolitikoa: bizimoduak eta kultura materiala.
    5. Goi Paleolitikoa: bizimoduak eta kultura materiala.
    6. Paleolitikoa Europan eta Iberiar penintsulan.
    7. Paleolitikoa Euskal Herrian.
  • Iraultza Neolitikoa eta Burdin Aroa

    1. Neolitikoaren kontzeptua.
    2. Ekoizpenean oinarritutako ekonomia eta bizimodu sedentarioa.
    3. Metalurgia.
    4. Arkitektura megalitikoa.
    5. Neolitikoa Euskal Herrian.

Prozedurak

  1. Interneten informazioa nola bilatu [azaldutako prozedura].
  2. Gizadiaren lehen gizarteen bizimoduari buruzko galderak egitea.
  3. Gizakien teknologia interpretatzea biziraupen premiari eta bizi aukerak hobetzeko premiari emandako erantzun gisa.
  4. Segida irudikatzeko friso kronologikoak egitea [azaldutako prozedura].
  5. Denbora irudikatzeko grafiko erdizirkularrak erabiltzea: iraupena.
  6. Laminak aztertuz eta interpretatuz informazio garrantzitsua lortzea [azaldutako prozedura].
  7. Iturri askotarikoak kontsultatuz informazioa lortzea: argazkiak, testu historikoak eta historiografikoak, mapa historikoak...
  8. Kontzeptuen mapak irakurtzea eta interpretatzea.

Jarrerak

  1. Gure gizarteak aurreko gizarteekin dituen harremanak ezagutzeko interesa eta jakin-mina.
  2. Gizarteen adierazpen kulturalak eta artistikoak errespetatzea eta baloratzea.
  3. Zorroztasuna eta objektibotasuna iturriak erabiltzean eta interpretatzean.
  4. Ondare historiko-artistikoaren aberastasuna eta aniztasuna baloratzea, errespetatzea eta gozatzea, eta ondare hori defendatu eta artatzearen aldeko jarrera azaltzea.

Ebaluazio irizpideak

  1. Ea ezagutzen dituen historiaren garai eta aldi kronologiko nagusiak, eta historiaurreko ikonografía eta prozesuak; eta ea horiek kronologiaren arabera ordenatzen dituen eta grafikoetan adierazten dituen eta historiaurrea, historia eta protohistoria kontzeptuak ezberdintzen duen.
  2. Ea ikasten eta erabiltzen dituen kronologia-unitateak (milurtekoak, mendeak, hamarkadak, urteak...); ea lotzen dituen urte jakinak dagozkien mendeekin; ea Kristo aurrekoak eta ondorengoak bereizten dituen, eta ea denbora-aldien, prozesuen, gertaera historikoen eta historiaurreko gertaeren iraupenari buruzko kalkuluak behar bezala egiten dituen.
  3. Ea gidoi batean adierazitako urratsei jarraituta, ardatz kronologikoa egiten duen; halaber, ea zenbait denbora-unitate kokatzen (milurtekoak, mendeak, hamarkadak...), 0 urtea adierazten, eta Kristo aurreko eta ondorengo garaiak bereizten dakien.
  4. Ea kokatzen dituen ardatz kronologikoan Euskal Herriko, Iberiar penintsulako eta munduko historiaurreko eta antzinako historiako zenbait gertaera, prozesu eta aldi esanguratsu.
  5. Ea hominizazio-prozesuari buruzko eskema-laburpena egiten dakien
  6. Ea galderarik egiten dion bere buruari gizarte harraparien bizimoduaren alderdi batzuei buruz (etxebizitza, jantziak, elikagaiak, tresnak, giza taldeak...), eta, zenbait iturritatik, ea biltzen duen horiei buruzko informaziorik, eta ea deskribatzen duen, termino egokiak erabilita.
  7. Ea galderarik egiten dion bere buruari gizarte neolitikoen bizimoduaren alderdi batzuei buruz (etxe-bizitza, jantziak, elikagaiak, tresnak, giza taldeak...), eta, zenbait iturritatik, ea biltzen duen horiei buruzko informaziorik, eta deskribatzen egiten duen, termino egokiak erabilita.
  8. Ea gizarte harraparietako eta gizarte ekoizleetako gizakien bizimoduen arteko konparazio-taula egiten dakien; ea ondoriorik ateratzen duen, eta gizadiak bizi izandako aurrerapenek eragindako ondorioak balioesten dituen.
  9. Ea Euskal Herriko, Iberiar penintsulako eta munduko mapetan historiaurreko aztarna nagusiak kokatzen dakien.
  10. Ea historiaren laguntza zientziak ezagutzen dituen.
© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.