Hasiera Contacto Menua Edukia
1º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Lehenengo zibilizazioak
Atala: Mesopotamia

Mesopotamiako artea

Arkitekturan, tenpluak eta jauregiak eraiki zituzten. Ikuskizunetarako, kiroletarako eta horrelakoetarako eraikinik, aldiz, ez zegoen, jarduera horiek jauregiko bizimoduarekin edo bizimodu erlijiosoarekin lotuta baitzeuden.

Sialk-eko zigurata
Sialk-eko zigurata

Tenpluak adreiluz egiten ziren eta harresiz bidez inguratzen ziren, herriko gainerako guneetatik babesteko eta gune sakratua adierazteko. Hasieran, lurraren gainean eraiki ziren, baina, gero, oinarri gisa terraza moduko bat jartzen zitzaien eraikinei. Horrela, zigurat edo tenpluaren dorreak sortu ziren: elkarren gainean mailakatuta terraza moduko batzuk ezartzen ziren, eskaileren bidez komunikatzen zirenak, eta azken mailan kapera txiki bat izaten zuen.

Jauregiak tenpluen antzekoak ziren, baina gune sakraturik gabe. Lurpeko hilobiak ere aurkitu dira.

Mesopotamiar eskultura

Eskulturan, errege-erreginei, jainkoei, goi-mailako funtzionarioei eta horrelakoei, hau da, boterearen eta fedearen ordezkariei, estatuak egin zitzaizkien. Nahiko txikiak izaten ziren, harri gutxi baitzuten. Estatua horietan, gehienetan, pertsonak banaka ageri dira, tronuan eserita edo zutik. Aurpegiaren eta gorputzaren arteko proportzioari ez zaio eusten. Aurpegi eta begi handiak dituzte. Normalean ez dira biluzik agertzen eta beren jantziak zurrunak dira.

Assurbanipal
Lehoi eme zauritua

Erliebe-lanak garatu zituzten gizarteko gertaera handien berri emateko. Ehizako eta gerrako eszenak dira nagusi, baina gai erlijiosoak ere agertzen dira. Erliebe horietan protagonistak leku nagusietan kokatuz nabarmentzen ziren (tronuan, gurdian…), eta neurri handiagoa izan ohi zuten (jainkoa erregea baino handiagoa, erregea menpekoa baino handiagoa, menpekoa etsaia baino handiagoa…); gainera, protagonisten ezaugarriak (sudurra, orrazkera, jantziak, armak…) kontu handiagoz lantzen zituzten. Normalean, aurpegiaren soslaia agertzen zen, baina begiak eta sorbaldak aurrera begira zituzten, aldakak hiru laurdenean eta gorputz-adarrak profilean.

Iritsi zaizkigun margolanak horma-pinturen bidez egin zituzten. Batez ere ospakizunei eta gorteko bizimoduari buruzkoak dira. Estatuen ezaugarri bertsuak dituzte.

Arte xeheei dagokienez, garrantzitsuenak kutun edo zinginarriak, zigiluak, terrakotazko irudiak, brontzeak nahiz zeramika dira. Hasieran zigiluak lauak ziren, baina gerora, buztinetan inprimatzeko, biribilak egiten hasi ziren. Gai nagusiak basapiztien aurka heroiek egindako ekintzak, etsaien porrotak, etxe-abereen ilarak eta horrelakoak ziren. Zinginarriak harrizkoak izan ohi ziren eta animalien irudira modelatzen ziren edota zeinu magikoak grabatzen ziren bertan. Metal preziatuak erabiliz animalien irudiekin grabatutako ontziak, bitxiak eta bestelako gauzak egin ziren, besteak beste musika-tresnak; eta horiek egiteko, zura eta harribitxiak, maskorrak eta, batik bat, lapis lazuliak erabiltzen ziren. Marfilezko erliebeak eta terrakotazko irudiak ere aurkitu dira.

13

Erantzun zure koadernoan.

  • Lehoi Eme Zaurituarekin batera eman den testuak, eskulturak aztertzeko gidoian agertzen diren puntuak betetzen dituen egiazta ezazu. Zure herrian edo auzoan dagoen eskulturaren bati aplikatu gidoi hori.
14

Erantzun zure koadernoan.

  • Testu honen iruzkina egin: "Mesopotamian, artelanak gobernarien zerbitzura zeuden. Artelanen asmoa ez zen edertasuna edo alderdi estetikoa sustatzea, boterearen eta erlijioaren adierazgarri izatea baizik".
© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.