Hasiera Contacto Menua Edukia
1ş D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Lehenengo zibilizazioak
Atala: Egipto

Hastapenetatik inperio berrira

Egipto

Egipto Afrikako ipar-ekialdean, Asiako Ekialde Hurbilaren ondoan dago. Basamortu ugari dituen lurraldea da eta Nilo ibaiak gurutzatzen du alderik alde. Ibai handi horrek hegoalderago du iturburua eta Mediterraneoan itsasoratzen da, delta handia osatuz.

Nilo ibaiaren emariaren goraldia

Nilo ibaiaren iturburutik gertu dauden klima tropikaleko lur horietan izaten diren euri-jasa handien ondorioz, udan izugarri hazten da ibai horren emaria. Gaur egun, uhaldi horiek presa handien bidez erregulatzen dira, baina, duela gutxi arte, Nilo ibaiko urek ibaiertzetako lurrak estaltzen zituzten, lur horietan ibaiko urak goi-ibilgutik berarekin ekarritako jalkinak edo sedimentuak utziz. Horregatik, “lur beltzak” deitzen zitzaien lur horiei.

Inguru horietako biztanleek, duela milaka urte, uhaldi haietako ura gordetzen zuten kanal eta putzu-sistema baten bidez. Gero, ura ibaiertzetako zelai eta soroak ureztatzeko erabiltzen zuten. Egiptoarrek urtean hiru urtaro bereizi zituzten: uholdeen garaia, ekainetik urrira bitartekoa; landareak ernatzeko garaia, urritik otsailera bitartekoa; eta uzta garaia, otsailetik ekainera.


K.a. 5000. urte inguruan, Afrikako Erdialdeko lautadetatik zetorren giza talde bat Nilo bailaran lurra lantzen eta abereak hezten hasi zen eta herri txikiak eraikitzen hasi ziren. Herri horiek, pixkana-pixkana, elkartu egin ziren eta herri handiagoak sortu zituzten. Bi erresuma sortu ziren orduan, Egipto Garaia, hegoaldean, eta Egipto Beherea, iparraldean, eta etengabe borrokan ibili ziren, hegoaldeko Menes edo Nermer erregeak K.a. 3100. urte inguruan iparraldea konkistatu eta bereganatu zuen arte.

Elkarrengandik urrun zeuden lurraldeen komunikabide gisa garrantzi handia zuen Nilo ibaiak: hegoaldera, uren noranzkoaren aurka, haizea aldeko zuten eta belaontziak erabiltzen zituzten; iparraldera, berriz, uraren ibilbideari jarraitu baino ez zuten egin behar.

Bailara inguruko basamortuek (“lur gorria”) muga naturala osatzen zuten eta, horregatik, nahiko zaila zen hortik inbasioren bat iristea. Horrela, Egiptoko kulturak 3.000 urtez iraun zuen ia aldaketarik gabe.

Egiptoko zibilizazioaren Historia, Egipto Garaiaren (“Kainaberaren herrialdea”) eta Egipto Beherearen (“Erlearen herrialdea) batzearekin hasten da; orduan, monarka bakar batek gobernatzen zuen (faraoia edo “bi koroen jauna”). Inperio Zaharra deiturikoa (IV. dinastiatik VI.era), goraldi ekonomiko eta kulturalaren garaia izan zen. “Piramide handien garaia” izan zen, eta horren adibiderik adierazgarrienak Kehops, Kefren eta Micerinos faraoien garaian eraikitakoak ditugu.

Barneko matxinadek Inperio Zaharraren suntsiketa ekarri zuten. Horren ondorioz, ezegonkortasuna nabarmena izan zen; ondoren, Erdiko Inperioa sortu zen (XI. dinastiatik XIII.era ). Garai hartan ureztatzeko lan handiak egin ziren. Hicso Asiako herriaren inbasioarekin batera, K.a. 1700 urte inguruan, bukatu zen garai hau.

K.a. XVI. mendearen erdialdean, Egiptoarrek inbaditzaileak botatzea lortu zuten, eta inperioa berrezarri egin zuten. Inperio Berria deiturikoa (XVIII. dinastiatik XX.era), Egiptoko Historiako garairik garrantzitsuena da, eta faraoirik ospetsuenetariko batzuek gobernatu zuten: Tutmotsis I.a, Tutmotsis II.a, Tutankamón, Ramses II.a, Ramses III.a, etab. Politika militarista erabili eta lurraldearen garapen handia lortu zuten.

Gerora, Egiptok barruko krisi handia nozitu zuen (nahaspila administratiboa, apaiz-kastaren esku-sartzea gobernuan, batasun politikoaren zatiketa etab), eta K.a. XI. mendearen hasieratik aurrera, “itsasoko herriak” deitutakoak inbaditzean, okerrera jo zuen. Horrek inperioaren etengabeko ahultzea eta Hirugarren bitarteko garaiaren hasiera ekarri zuen.

Ptolomeo I Soter

Ondoko herri batzuen, asiriar edota persiarren inbasioa jasan ondoren, Greziak Egipto konkistatu zuen (K.a. 332). Alexandro Handia hil eta gero, horren jeneral izan zen Ptolomeok dinastia bat fundatu zuen, erromatarrek bere inperioko probintzia bihurtu arte, 300 urtez gobernatuko zuena. Garai hartan, grekoa izan zen hizkuntza ofiziala, baina Egiptoko kultura errespetatu zuten, eta horri esker biziraun zuen.

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.