Hasiera Contacto Menua Edukia
1º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Lehenengo zibilizazioak
Atala: Egipto

Antolamendu sozial eta politikoa

Egiptoko gizartean oso hierarkia zorrotza zegoen. Botererik handiena zuen pertsonaia, faraoia zen. Errege eta, aldi berean, jainkoa zenez guztiek miresten zuten. Gainera, aginte administratiboa, erlijiosoa eta militarra zuen. Faraoiaren betebeharrak, besteak beste, Egiptoar guztien ongizateaz arduratzea eta bere herrialdea defendatzea ziren.

Eskriba

Faraoiaren zerbitzura funtzionario eta administratzaile ugarik lan egiten zuten eta horiek faraoiaren aginduak betetzen zituzten, bakoitzak zituen arduren arabera. Horien artean, eskribak, eta zituzten zeregin nagusiak, aginduak idaztea, bildutako uztaren kopuruak idatziz jasotzea, eta ekonomi-jarduerak eta zergen ordainketa kontrolatzea ziren. Apaizek ere, gizarte-talde garrantzitsua osatzen zuten, aberastasun ugari bildu baitzuten.

Biztanle gehienak nekazariak ziren, eta lantzen zituzten lurren jabearen menpe zeuden. Lur horietako gehienak, faraoiarenak edo tenpluenak izaten ziren. Horien lana eskribek kontrolatzen zuten, eta uhaldietan, hilobiak eta eraikin ofizial eta erlijiosoen eraikuntzan lan egiten zuten askotan.

Esklaboak ere baziren. Gehienak, gerran preso hartutako gizon-emakumeak ziren, eta tenpluetan, jauregietan eta etxe partikularretan lan egiten zuten. Eskubide batzuk bazituzten, eta tratu txarrak jasaten bazituzten, jabeak sala zitzaketen. Okerren bizi zirenak meategietan lan egiten zutenak ziren; klimagatik eta lana oso gogorra zelako, heriotza-tasa oso handia zen haien artean.

Mutikoak eskolara joaten ziren eta irakurtzen eta idazten ikasten zuten. Batzuek eskriba lanbidea ikasten zuten, baina horretarako denbora luzez ikasi behar izaten zen, eta nahiko garestia zen. Neska batzuek ere, irakurtzen eta idazten ikasten zuten, baina baita dantza eta musika ere. Gainerakoek lanbide bat ikasten zuten lantegiren batean, edota aitaren lanbidea betetzeko prestatzen ziren.

Legearen aurrean, gizon eta emakume, berdinak ziren guztiak, baina gizonek soilik bete zitzaketen administrazioko karguak eta emakumeak etxeaz eta umeez arduratzen ziren; hala ere, emakume askok nekazaritzako zereginak ere egiten zituzten, edota zerbitzari, artisau, abeslari edo dantzari gisa lan egiten zuten; beste batzuk medikuntzan aritzen ziren. Ezkontzeko baimena aitari eskatzen zitzaion; baina maitasunari ere, garrantzi handia ematen zitzaion. Senarrak tratu txarrak ematen bazizkion, emazteak senarraren aurka salaketa jar zezakeen. Oso gazte ezkontzen ziren eta umeak ere oso gazte izaten zituzten, hamalau edo hamabost urte inguru zituztenean.

17

Erantzun zure koadernoan.

  • Eskribak eta funtzionarioak oso garrantzitsuak ziren, zergatik? Norentzat?
© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.