Hasiera Contacto Menua Edukia
1º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Lehenengo zibilizazioak
Atala: Egipto

Egiptoko artea

Egipton artista gehienak estatuko edo tenpluetako funtzionarioak ziren. Lanbide espezializatutako lantegietan ikasten zuten; lanerako beharrezkoak zituzten teknikak eta arauak irakasten zizkieten. Praktikotasun handiz lan egiten zuten: gauzek, ederrak izateaz gain, erabilgarriak izan behar zuten. Hasieran, eskultoreak eta margolariak faraoien, nobleen eta apaizen aginduak betez lan egiten zuten artisau xumetzat hartzen ziren. Inperio Berriaren garaian, gizartean gehiago baloratu ziren pertsona hauek.

Hilobi monumentuak

Arkitekturan hilobiak eta tenpluak izan ziren nagusi. Harriz egiten ziren, gehiago iraun zezaten. Mastabak izan ziren lehenengo hilobiak: piramide-enborraren formako eraikinak ziren. Gero, piramide mailakatuak egiten hasi ziren, eta elkarren gainean kokatutako mastabek osatzen zituzten piramideak; eta ondoren, faraoien eta horien familien, nahiz noble batzuen hilobi gisa erabiltzeko, horma jarraituko piramideak egiten hasi ziren. Famatuenak, Gizeh-ko Keops, Kefren, eta Mikerinos-en piramideak dira. Hipogeoak edo harkaitzean zulatutako hilobiak ere, erabili ziren.

Tenpluak

Tenpluek, sarreran, esfingeen bidez apaindutako etorbide bat izaten zuten, eta sarrera nagusiak, dorreak, estatua handiak, eta obeliskoak erabiliz apaintzen ziren, faraoien ekintza famatuen oroigarri gisa. Barruan, herriaren bilgune gisa erabiltzen zen patio bat eta jainkoaren estatuaren kamera zeuden. Guganaino ondoen iritsi diren tenpluak, Karnak eta Luxorkoak dira, Tebasetik gertu.


19

Erantzun zure koadernoan.

  • Zergatik ez da aurkitu, zure ustez, Egiptoko jauregien eraikinik?
Eskultura

Eskultura, arkitektura erlijiosoarekin eta hilobietakoarekin oso lotuta zegoen. Faraoien eta horien emazteen, apaizen, nahiz eskriben eskultura ugari egin ziren, kalitate handikoak gainera, eta, gehienetan, besoak gorputzari itsatsita eta hankak elkarren ondoan zituztela egiten ziren. Horietako asko, izugarriak ziren eta harkaitzean lantzen ziren. Eguneroko bizimoduko jarduerak ere landu ziren egurrean, gero hilobietan kokatzeko. Gainera, hilobiak eta tenpluak apaintzeko erliebeak egin zituzten. Horien ezaugarri nagusiak ondokoak ziren: burua soslaiez izan ohi zuten eta sorbaldak aurrera begira, horrela jainkoek hobeto ezagutuko baitzituzten hiltzean.

Margolaritza

Margolan asko ere eraikinei lotuta zeuden. Esate baterako, piramideen eta hilobien barrualdea lurperatu zen pertsonaren eguneroko bizimoduko alderdiak adierazten zituzten margolanekin apaintzen zen. Papiroetako idatziak ere, margolanekin apaintzen ziren.

Arte xeheak

Arte xeheak iaiotasun handiz landu zituzten, eta emaitzak ere halakoxeak izan ziren: bitxiak, edalontziak, zeramikazko ontziak, altzariak, sarkofagoak, brontzezko irudi txikiak etab. egin zituzten.

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.