Hasiera Contacto Menua Edukia
1º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Erroma

Erromatar munduaren krisia eta gainbehera

K.o. III. mendearen erdi aldera, inperioaren gainbehera hasi zen eta V. mendeko krisi larria izan zuen ondorio. Krisi horren arrazoiak aztertzean, historialariek bi arrazoi-mota bereizi izan dituzte: barrukoak eta kanpokoak.

Inperioa izugarri hedatu zenez, horri eusteko, ezinbestekoa zen mugak ondo zainduko zituen armada sendo bat eta zerbitzu publikoez eta burokraziaz arduratuko ziren funtzionario ugari izatea. Ordura arte, armada eta aparatu burokratikoa mantentzeko, beharrezko dirua gerrako harrapakinen bidez lortu zen, baina jada konkistatzeko lurrik ez zegoenez, zergak ugaritu egin behar izan ziren. Presio fiskala handitu zenez, herrietako jenderik txiroena ez zegoen batere gustura eta, horregatik, nekazaritza-inguruetara alde egin zuten askok.

Bestetik, hiltzen edo gaixotzen ziren esklaboak ordeztuko zituzten esklabo berriak lortzeko aukerarik ere ez zuten, lur berririk konkistatu gabe. Lur-jabe txikiek porrot egin zuten, eta lur-jabe handiek esklaboen artean banatu zituzten lurrak; horrela, nekazari erdi aske bihurtu ziren. Lurralde asko landu gabe gelditu zen eta nekazaritzako ekoizpena murriztu egin zen.

Horri, garai hartan izan ziren izurrite handia gehitu behar zaio, eta gainera merkataritzarako bideak ez ziren batere seguruak, eta ondorioz, merkataritza-trukeak ere murriztu egin ziren.

29

Herriak txiroago bihurtu ziren eta bizimoduak okerrera egin zuen arrazoi askorengatik. Taldean, garrantzitsuenak eta garrantzi gutxiagokoak zein izan ziren eztabaidatu. Ikastalde osoari emaitzak azaldu.

  • Zerga gehiago ordaindu behar zituztelako eta landa eremuetara alde egin zutelako.
  • Artisautzako produktuen salneurriak gora egin zuen, lehengaiak lortzea zailagoa zelako eta garestiagoak zirelako.
  • Ez zuten behar beste saltzen jendeak baliabide gutxiago zeukalako.
  • Ekoizpenaren porrotak nekazaritzako produktuen salneurriaren igoera ekarri zuen.

“Demagun esklabo bat bere kabuz bizitzen hasten dela landetxe txiki batean. Orain bizi-erregimen hobea izango duenez, horren arraza indartu egingo da. Eman zaizkion lurretan egiten duen lana kalitate hobekoa izango da. Errenta ordaindu behar duenez, produktuen soberakina bere lanaren araberakoa izango da. Gainera, zenbait lan nahitaez egin behar zituen nagusiaren erreserban. Zuen errendimendua ez zen handiegia [baina sailik gabe gelditzeko beldurrez], normala zen esklabo-nekazariak, guztiek aska beretik jaten zutenean baino hobeto egitea bere lana”.

BLOCH, M.
30

BLOCH, M.-ren testu hau irakurri eta erantzun

  • Hurrengo hitz hauen esanahia azaldu: soberakin, erreserba eta saila.
  • Zure ustez lurrak, justizia sozialak bultzatuta edo lur-jabe handiei komeni zitzaielako banatu ziren?
  • Esklaboen artean lurrak banatzeko bi arrazoi zeuden, zein ziren?

Inperioa pixkana-pixkana ahultzen zuen krisiak. Errazago gobernatzeko, Diokleziano enperadoreak lau eremutan banatu zuen Inperioa. Aurrerago, K.o. 395. urtean, Teodosiok bitan banatu zuen, eta bi inperio sortu ziren: Mendebaldeko Inperioa, hiriburua Erroma zuena, eta Ekialdeko Inperioa edo Bizantziokoa, hiriburua Konstantinopla zuena.


Inbasioen mapa

Inperioaren bestaldeko mugetan herri Asiarrak, Godoak eta Germaniarrak zeuden. Erromatarrek guzti hauei barbaroak deitzen zieten.

Nomadak ziren, eta artzaintza zen haien bizibide nagusia. Hasiera batean, Inperioaren ahulaldiaz baliatzen ziren muga pasatu eta arpilatzeak egiteko. Geroago, limesaren bestaldeko artzaintzarako lurrak hartu nahi izan zituzten. Gero eta ohikoagoa zen erromatar lurretan zenbait tribu barbaro ikustea, itunen bidez sartzen baitziren batzuetan, indarraz baliatuz besteetan.



Barbaroen erresumak europan

Ekialdeko Erromatar Inperioak herri barbaroen erasoei eustea lortu bazuen ere, Mendebaldeko Inperioak porrot egin zuen eta erresuma barbaroen lurralde multzoa osatu zen.


34

Konstantinoplaren inguruko informazioa bila ezazu eta erantzun:

  • Zein enperadorek eta zein urtetan aukeratu zuen Konstantinopla Erromatar Inperioko hiriburu?
  • Lehenago beste izen bat zuen, zein?
  • Zein urtetan sortu zen Ekialdeko Erromatar Inperioa?
  • Beste izen bat ere eman zitzaion, zein?
  • Zein izan zen bertako lehen enperadorea?
  • eta azkena?
  • Herri batek Konstantinopla hartzean, amaitu zen Bizantzioko Inperioa, zein izan zen herri hura?
  • Zein urtetan?
© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.