Aalborgeko karta

Europar Hirien Jasangarriranzko Karta, Aalborgeko Karta bezala ezagutzen dena, Europako Hiri Jasangarrien Konferentzian parte hartu zutenek onartu zuten Aalborg, Danimarka, hirian 1994ko maiatzeko 27an. Hona hemen testu horretako atal bat:

EUROPAR HIRIEN JASANGARRIRANZKO KARTA

Kontsensuzko adierazpena

Europako hirien papera

Guk, Europako hiriok, Karta honen izenpetzaileok, adierazten dugu historian zehar inperio, estatu eta erregimenak ezagutu ditugula, eta hauek guztiak gainditu egin ditugu bizitza soziala gunetzat hartuta, eta gure ekonomiaren eragile eta kultura, ondare eta tradizioaren zaintzaile izan gara. Familia eta auzoekin batera, hiriak izan dira gure gizarte eta estatuen oinarri, eta industriak,eskulangintzak, merkataritzak, hezkuntzak eta gobernuak bera izan dute gune.

Badakigu gaur egungo hiriko bizimoduak,bereziki, eginkizun eta lan banaketaren egiturak, lurraren okupazioak, garraioak,industri ekoizpenak, nekazaritzak, kontsumo eta aisialdi ekintzak, alegia, gure bizi mailak, gizadiak dituen ingurumeneko arazoen arduradun egiten gaituela. Hau guztia oso esanguratsua da kontuan hartuz gero, Europako biztanleriaren %80a hirian bizi dela.

Ikasi dugu gaur egun herri industrializatuetan dagoen baliabideen kontsumo maila ezin duela mundu osoko biztanleriak lortu, eta, are gutxiago, ondorengo belaunaldiek, kapital naturala suntsitu gabe.

Ziur gaude gizakion bizitza ezin dela planeta honetan eramangarria izan bideragarriak diren tokiko elkarterik gabe. Tokiko gobernua ingurumeneko arazoak dauden lekutik gertu dago, baita biztanleriarengandik ere; beste gobernuekin gizakiaren eta naturaren ongizatearen ardura partekatzen du maila guztietan. Horren ondorioz, hiriek zeregin erabakigarria dute bizimoduaren aldaketa prozesuan, kontsumoan, produkzioan eta espazioaren banaketaren ereduetan.