Erdi aroko gazteluak

Garai hartako segurtasun faltaren ondorioz, erregeek eta jaunek gotorlekuak eraiki zituzten etsaien armaden erasoei aurre egiteko. Hasieran gazteluak muinoen gainean eraikitako zurezko dorreak baino ez ziren. Geroago, harresi batez edo gehiagoz inguratu zituzten. Harresien arteko tarteari arma-patio esaten zioten.

Gazteluak toki estrategikoetan eta defendatzeko errazetan eraikitzen zituzten: muino baten gainean, amildegi baten ondoan, ibai edo aintzira baten bazterrean etab. Horretarako aukerarik ez zegoenean, gaztelua inguratzen zuen zulo bat prestatzen zuten.

Errege-familiaz edo jaunaren familiaz gain, gazteluaren barnean soldaduak eta horien beharrak asetzeko zerbitzari asko bizi ziren.

Gaztelu bat menperatzeko modurik azkarrena, bertan bizi zirenei borrokarik egin gabe amore emateko eskatzea zen. Amore emateko prest ez zeudenean, etsaia gazteluari erasotzen saiatzen zen eta, horretarako, arieteak, katapultak eta dorre mugikorrak erabiltzen zituzten. Gazteluak aurrean urez betetako zulorik ez baldin bazuen, etsaiek harresien azpiko lurra ateratzen zuten, harresiak botatzeko edo tunel baten bidez barnera sartzeko.

Hala ere, batzuetan erasoa edo setioa zen gazteluan sartzeko modu bakarra, motelagoa izan arren: gaztelua inguratzen zutenez, barrukoak ezin ziren bertatik irten eta ezin zuten kanpoko laguntzarik jaso. Egunak aurrera joan ahala, egarriaren eta gosearen ondorioz gaztelukoek amore ematen zuten.