3eso
Gizarte Zientziak

Erantzun zure koadernoan:

Irakur ezazu honako albiste hau:

El Mundo egunkaria

Miguel G. Corral | Madril

2009-09-14, astelehena

Munduan kontsumitzen diren arrainen erdia piszifaktorietakoa da

Piszifaktoria bateko langilea, urraburua harrapatzen. | E. Salas

Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAOk) goseari aurre egiteko jarduerak bideratzen ditu nazioartean. Herrialde garatuei eta garapen-bidean daudenei eskaintzen dizkie zerbitzuak, foro neutrala izan nahi duelako. Ildo horretan, herrialde guztiak berdintasunean elkartzea du helburu, akordioak negozia eta politikak eztabaida ditzaten. FAO ezagutza- eta informazio-iturria ere bada, eta garapen-bidean edo trantsizioan dauden herrialdeei nekazaritza-, baso- eta arrantza-jarduerak berritzen eta hobetzen laguntzen die, biztanle guztiei nutrizio egokia ziurtatzeko nahiak eraginda. Sortu zutenetik, 1945etik, landa-eremuetako garapenari arreta berezia eskaini dio, pobreziaren eta gosearen mende dagoen munduko biztanleriaren % 70 eremu horietan bizi baita.

Gaur egun, munduko arrandegietan salgai dauden arrainen erdiaren iturburua akuikultura da. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) kopuru hori 2015erako iragarri zuela kontuan hartuta, datu bikaina da, itxuraz behintzat, itsas arrantzategientzat.

Baina errealitatea oso bestelakoa da. Stanfordeko Unibertsitateak –Kalifornian dago, AEBn– egindako ikerlanaren arabera, piszifaktoria batzuetan, instalazioetako animaliak elikatzeko erabiltzen duten itsas espezieen haragi kantitatea ekoizten dituzten arrainena baino bost aldiz handiagoa da.

«Horren adibideak dira, besteak beste, piszifaktorietako izokinak. Merkatuan saltzeko moduko kilo bakar bat lortzeko, itsasoan harrapatutako bost kilo arrain (merkatu-balio txikikoak) erabiltzen dira», dio Rosamond L. Taylorrek, Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS) aldizkarian argitaratutako azterlanaren egile nagusiak. Taylor andrea Stanfordeko Unibertsitateko ingurumen- eta elikagai-segurtasuneko programaren zuzendaria da.

Duela gutxi gaiari buruzko bi ikerlan garrantzitsu egin dira, eta Science aldizkariak argitaratu ditu biak. Argi eta garbi erakutsi dute ozeanoen osasun-egoera kaskarra dela benetan. Azterlan batek dioenez, ekonomia- edo ekologia-balioa duten itsas espezieen % 91 erdira murriztu da 1950etik hona. Beste azterlanak oso datu larri bat egiaztatu du: Ozeanoen % 40k kalte larriak ditu, giza ekintzen ondorioz.

Gauzak horrela, giza kontsumorako arrain- eta marisko-ekoizpena hirukoiztu egin zen 1995etik 2007ra, batik bat Omega 3 motako gantz-azido asko dituzten espezieen eskariak izandako gorakada izugarriaren ondorioz. Jakinekoa denez, aipatutako gantzek gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua murrizten dutela azpimarratu du medikuntzak, azken urteotan.

Azterlanen egileen ustez, horrelako eskariak izandako gorakadak sorrarazi duen arazorik handienetakoa lehen aipatu duguna da: Omega 3 gantz-azido gehien dituzten espezieak (adibidez, izokinak) dira, hain zuzen, itsasoan harrapatutako arrainetatik lortzen diren pentsu eta olio kantitaterik handienak behar izaten dituztenak.

  • Zein da testuko gai nagusia?
  • Deskriba itzazu FAOren ekintzak eta funtzioak.
  • Aipa itzazu akuikulturaren ondorioz arazoak.
  • Jan al duzu inoiz akuikulturaren bidez ekoiztutako arrainik?
  • Zer konponbide bururatzen zaizkizu, akuikultura-ekoizpenak itsasoarentzat hain kaltegarriak izan ez daitezen?