Plastikozko poltsak

Plastikozko poltsen arazoa larrutik ordaintzen du naturak, plastikoak oso denbora luzea ematen duelako narriatzen: gutxi gorabehera 100 eta 1000 urte bitartean, lodieraren arabera. Ordurako, tokian tokiko habitata aldatuta edo betirako kutsatuta egongo da, noski. Plastikoak jaun eta jabe dira gure bizitzan, alor guztietan erabiltzen baitira: etxetresna elektrikoetan, eguneroko tresnetan, erremintetan, garraioetan... Horien guztien inpaktua murrizteko modu bakarra plastikozko poltsak eta ontziak murriztea eta berrerabiltzea da, denak ez baitira berreskuragarriak. Plastikozko poltsa biodegradagarriak ere ez dira konponbide bideragarriak, azkarrago narriatzen diren arren, ez direlako erabat naturalak, osagaietako bat petroliotik lortzen baita. Gainera, kutsagarriak izaten jarraitzen dute, naturan egindako isurpenak kontrolatzen ez badira.