3eso
Gizarte Zientziak

Irakur ezazu Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen web-orrian 2009an argitaratutako honako artikulu atal hau.

Etiopia

Esku hartzeko arrazoia: gatazka armatua. Gaixotasun endemikoa/epidemikoa. Gizarte-indarkeria/osasun-arretarik ez. Natura-hondamendia.

Etiopiako herrixka

Zenbat lagun bertaratu diren: 729

2007an, Ogaden eskualdeko (somaliar etniaren eremuko) gatazka gogortu egin zen. MGM erakundeak Ogadeneko bost gatazka-guneetara bidalitako arakatze taldeek egoera humanitarioa izugarri larria zela egiaztatu zuten. Biztanleak indarkeriaren mende zeuden, lekuz aldatzen ari ziren, ez zuten janaririk, eta osasun-arreta oso mugatua zen. Hala ere, MGMko kideei ez zieten joaten utzi, behin eta berriz saiatu arren. Aipatzekoa da uztailean, segurtasun-gorabehera baten ondorioz, kokaleku haietan zegoen taldea ebakuatu egin zutela. Irailean, MGM erakundeak egoera humanitarioa salatu zuen, eta baita Etiopiako gobernuaren jarrera ere, ez baitzieten itzultzen uzten. Urte bukaeran, MGMko kideek artean ez zuten egoki eta askatasunez iristeko aukerarik.

Osasun-arreta eskaintzea ezinbestekoa da

Arazoak arazo, Etiopiara joandako MGMko kideek Osasun Ministerioarekin lan egiten eta osasun-zentroan oinarrizko osasun-zerbitzuak eta tuberkulosiaren kontrako (TB) tratamenduak eskaintzen jarraitu zuten, Cherratin. Urtean zehar, gainera, “TBren herrixka” eraikitzeko lanak bukatu zituzten. Bertan egoten dira gaixoak zortzi hilabetez, tratamenduak irauten duen bitartean. MGMko kideek, osasun-arretaz gain, elikagaiak ere ematen dizkiete, tratamendua hobetzeko eta erabat bukatu ahal izateko. Cherratiko “TBren herrixkan” 430 gaixo hartu zituzten.

MGMko kideak abenduan itzuli ziren Ogadenera, eta Osasun Ministerioak Fiiq zonan dituen osasun-zentroan eta klinika mugikorretan laguntzen hasi ziren. Urtearen bukaeran, MGMko kideek 50 gaixo hartzen zituzten egunero: gehienek arnas-, gernu- edo heste-infekzioak zituzten. Wardher-en ere ministerioarekin elkarlanean hasi ziren, eta Degahbur-en ebaluaketa-lana egin zuten, 2008an jarduerak abiarazteko.

Ogadeneko gatazka gorabehera, Gambella eskualdean egoera txarrean zeuden biztanleei laguntzen jarraitu zuten. Itang-eko osasun-zentroaren eta bost gunetan ziharduten klinika mugikorren bidez, GIBen eta TBren kontrako arreta integrala eskaini zuten MGMko kideek. Urtean zehar Abdurafiko, Amhara eskualdeko, osasun-zentroari laguntzen jarraitu zuten urtebetean, “kala azar” (leishmaniasis biszerala) gaixotasunak jotako biztanleei arreta eta tratamendua emanez nagusiki. Ia 400 gaixo sendatu ziren. Apirilean, Abdurafiko osasun-zentroan tratamendu antirretrobirala ematen hasi ziren MGMko kideak, langile immigratzaile asko baitzeuden eta GIBen prebalentzia % 15-20 ingurukoa baitzen. Urtean zehar, 120 bat gaixo hasi ziren tratamendua hartzen. MGMko kideek, halaber, klinika mugikorrak ere kudeatzen dituzte eskualdeko 12 gunetan.

(Iturria: MGMren 2007ko nazioarteko txostena)

Erantzun zure koadernoan

  • Laburbildu artikuluko ideia nagusiak: Zergatik esku hartu duen zona horretan MGM erakundeak, zer gaixotasunen kontrako tratamendua ematen duten, zenbat gaixo hartzen dituzten, eta zer baliabide erabiltzen dituzten zeregin horietarako.
  • Azal ezazu osasun-arreta atzeratu behar izateko arrazoi bat.