Lege salikoa

Lege salikoa

Monarkia-leinuetako emakumeei erregina eta, beraz, gobernu-buru izaten uzten ez dien legea. Dokumentuek agerian uzten dutenez, VI. mendetik aurrera, frankoen erresumetako lege-arau batek errege nor izan zitekeen zehazten zuen, hau da, tronua erregearen arrebaren semearen esku uzteko agintzen zuen, errege-odoleko leinuaren jarraikortasuna ziurtatzeko. Gerora, XIV. mendean, Frantziako erresuma zaharrek arbasoen antzinako lege hura dinastia-interesei komeni zitzaien moduan ulertu eta moldatu zuten: tronua eskuratzeko debekuak emakumeen ondorengoak ere hartu zituen barne.

Europako beste hainbat erresumatan ere gertatu da hori historiaren joanean. Lege salikoaren ondorioz, hamaika istilu sortu da tronuetarako izangaien jarraitzaileen artean: adibidez, karlistaldiak Espainian, ondorengotza-gerra Austrian eta Victoria erregina tronuratzearen inguruan Ingalaterran izandako gatazkak.