Noah Sealth buruzagi indiarrak Ameriketako Estatu Batuetako lehendakariari 1854an idatzitako eskutitza

Teepe

1854an, buruzagi indiarrak oso erantzun berezia eman zion Franklin Pierce lehendakariaren proposamenari: indar erreserba batera joan zitezela bizitzera, zurien eta indiarren arteko liskarrak behingoz bukatzeko. Gutunak, historiako lehen manifestu ekologistak, betirako iraungo du gure oroimenean. Hona hemen testu bikain horren hasierako atala:

"Nola saleros daiteke ortzia, edo lurraren berotasuna? Asmo hori ezezaguna da guretzat.

Ez gara airearen freskotasunaren jabeak, ezta uren bizitasunaren jabeak ere. Nolatan erosiko dituzue?

Lursail bakoitza sakratua da nire herriarentzat. Pinu-sastraka distiratsu bakoitza, hondartzetako hondar ale bakoitza, basoetako ihintz tanta bakoitza, muino bakoitza, eta baita intsektu bakoitzaren soinua ere, sakratua da nire herriaren oroimenarentzat eta iraganarentzat. Zuhaitzen zainen barrena doan izerdiak azal gorrien oroimenak daramatza bere baitan.

Gizon zuriaren hildakoek beren jatorria ahazten dute izarrez izar oinez abiatzen direnean; gure hildakoek, aldiz, inoiz ezin dute ahaztu lur bihozbera hau, azal gorrien ama baita. Lurraren zati gara gu; geure zati da lurra. Lore usaintsuak gure arrebak dira; oreinak, zaldiak eta arrano handiak gure anaiak dira. Haitz malkartsuak, larre hezeak, zaldien eta gizakien gorputzaren berotasuna... denok gara sendi berekoak.

Horregatik, Washingtoneko Buruzagi Handiak gure lurrak erosteko mezua bidali digunean, gehiegi eskatu digula iruditu zaigu. Elkarrekin erosotasunez bizitzeko toki bat emango digula ere esan digu Buruzagi Handiak. Hura gura aita izango da, eta gu haren seme-alabak. Horregatik, gure lurrak erosteko eskaintza kontuan hartuko dugu. Ez da erraza, lur hau sakratua baita guretzat.

Ibai eta erreketako ur gardena ez da ura soilik, gure arbasoen odola ere irudikatzen baitu. Lurrak saltzen badizkiegu, sakratua dela gogoratu beharko dute, eta seme-alabei hala irakatsi, eta aintziretako ur gardenen isla fantasmagoriko bakoitzak gure jendearen bizitzako pasadizo eta oroimenak kontatzen dituela adierazi. Uraren murmurioa nire aitaren aitaren ahotsa da."