Erreserba

Erreserba

Garai kolonialetik hona, Ameriketako Estatu Batuetako tribu indigenek beren eskubideak aldarrikatu eta inbaditzaile zurien neurrigabekeriak salatu dituzte. Indigenen lurraldeen aberastasunaz jabetu bezain laster, kolonoei gutizia piztu zitzaien eta, lurrak ez ezik, urrea, basoak eta animaliak ere berenganatu nahi izan zituzten. Lehen gobernu independente iparramerikarren politikek hamaika gorabehera izan zuten: batzuetan, natiboen, jatorrizko biztanleen, eskubideak aitortu zituzten; beste batzuetan, haien ordez erabaki zuten. Azkenik, erreserbetara bidali zituzten bizitzera. Gune haietan, autogobernatzen utzi zieten, betiere AEBren esanera jardunez gero. Natiboak, sakabanatuta zeudela, ez zuten izan bete-betean garatzerik, ez nazio gisa, ezta hiritar amerikar gisa ere. Balio urriko esparruetan isolaturik, gobernuaren erabakien mende utzi zituzten, gobernuaren ustezko asmoa natiboak babestea baitzen. Gaur egun, indigenak AEBko biztanleen % 0,9 besterik ez dira.