Globalizazioaren kontrako mugimenduak

Mundializazioaren ondorio negatiboei aurre egiteko sortu diren mugimendu antolatuak dira, nazioartean jarduten dutenak. Herrialde aberatsak mundu-ekonomia kudeatuz egiten ari diren bidegabekeriak kritikatzen dituzte, eta globalizazioak, gizarte-desberdintasunak areagotzeaz gain, ingurumen-narriadura larria sorrarazten duela salatzen dute. Dena den, globalizazioaren kontrako talde guztien filosofia eta jarduteko moduak ez dira berberak.

Talde batzuk antikapitalistak eta antisistemak dira, eta estatuen sistema errotik aldaraztea dute helburu. Nazioarteko edozein ekonomia-erakunde, batik bat MMA (Munduko Merkataritza Antolakundea), elkartzen denean, sekulako manifestazioak antolatzen dituzte .

Beste talde batzuek Munduko Gizarte Foroaren (MGF) alde dihardute, globalizazioaren alderdi negatiboak zapuzteko eta positiboak indartzeko, herrialderik pobreenen garapena susta dadin. Horregatik, kanpo-zorra barkatzeko eskatu eta garapen-programak eta bidezko merkataritza bultzatzen dituzte. Nazioarteko lankidetzan eta koordinazioan oinarritutako jarduerak antolatzen dituzte.