Atapuerca, “Parke paleozoikoa”

Atapuerca, argazki galeria

Steven Spielbergek “Jurasic Park” filmarekin mundu osoa txunditu zuen era berean, Atapuercan (Burgos) 1994an egindako aurkikuntzak zientzialari guztien atentzioa jaso zuen. Izan ere, Atapuercan aurkitu ziren Europako giza fosilik zaharrenak. Atapuercako aztarnategiak “Parke paleozoikoa” titulua merezi du hominizazio prozesuari eta gaur egungo gizakiaren jatorriari buruz, eskaintzen duen informazio baliotsu eta osoagatik. UNESCOk Atapuercako aztarnategia Gizadiaren Ondare kultural izendatu zuen 2000. urtean.

Atapuercan 1997an egindako aurkikuntzen zabaltzeak goitik behera aldatu zuen hominizazio prozesuaren ikerkuntzaren alorra. Izan ere, aurkikuntzek egiaztatu zuten duela 800.000 urte inguru, Iberiar Penintsulan bazeudela jadanik Homo generoaren ordezkariak eta, ziurrenik, ordezkari horiek izan zirela geroago Homo sapiens sapiens hominidora, hau da, gaur egungo gizakira, heltzeko bilakaeraren gakoa.

Escavaciones

Aztarnategiko tokirik nabarmenenak Hezurren Sima eta Dolina Handia dira.

Hezurren Siman aurkitu da munduko Behe Paleolitikoko giza fosil multzorik garrantzitsuena. Siman mundu osoko Erdiko Pleistozenoko giza fosilen % 70 aurkitu da, Atapuerca Petralonako (Grezia) eta Steinheimeko (Alemania) aztarnategi ospetsuen gainetik kokatu da. Neanderthal-eko gizakiaren aurreko Homo heidelbergensis espezieko hominidoen hondakinak dira, hain zuzen.

Dolina Handiko aurkikuntzak, hain ugariak ez badira ere, are garrantzitsuagoak dira, egiaztatzen baitute Iberiar penintsulan gizakiak bizi izan direla ia milioi bat urtetan zehar. Aurkitutako ia ehun aztarnak, ustezko Homo antecessor hominidoari dagozkio, eta sei, gizakiren burezur eta masailezurren hondakinak dira; sei gizaki horiek sei urte baino gutxiagoko bi haur, hamar urte baino gehiagoko ume bat, hamahiru edo hamalau urteko gazte bat eta bi nagusi dira. Aurkitutako aztarnek hondatzen dute Europako gizakirik zaharrenak gehienez duela 500.000 urte bizi izan zirela defendatzen duen teoria estandarra.

Homo ergaster

Atapuercako azken aurkikuntzek adierazten dutenaren arabera, Homo ergaster hominidoa Afrikatik irten zen duela milioi bat urte, gutxi gorabehera, eta Asian eta Europan garatzen hasi zen. Beraz, Homo antecessor hominidoa egongo litzateke Afrikako Homo ergaster hominidoak Europan izandako bilakaeraren lehen aldietako batean. Ondoren, Homo antecessor-etik aurrera, bilakaeraren adarkatzea gertatu zen: alde batetik, Homo heidelbergensis-a sortu zen (geroago jadanik desagertutako Homo sapiens neanderthalensis bilakatu zena) eta, bestetik, Homo sapiens sapiens-a agertu zen.

Hartara, Homo generoaren lehen ordezkaria Afrikan jaio zela argi dagoela badirudi ere, Atapuercako aurkikuntzek aditzera ematen dute Iberiar penintsulan kokatu zen sapiens espeziea Afrikako Homo ergaster hominidoak Europan izandako bilakaeraren ondorioz sortu zela. Beraz, ikerlan horiek zalantzan jartzen dute Afrikan garatutako Homo sapiens sapiens espezieen Europarako bigarren migrazioa.

Baina hori ez da guztia. Atapuercak urtero ematen du informazio berria. Adibide bezala, hona hemen Gizadiaren Ondarea Espainian web orrian irakur daitekeen aztarnategiari buruzko berri bat:

2003ko uztailak 21

Homo antecessor hominidoaren bi aztarna berrien aurkikuntza Atapuercan.

Aztarnak aurkitu dira 1994an lehen hezurrak aurkitu ziren inguru berean.

Atapuercako ikertzaileek Homo antecessor hominidoaren bi aztarna berri aurkitu dituzte. Aztarnek milioi bat urteko antzinatasuna dute eta “balio izugarria” daukate, José María Bermúdez de Castro zientzialariak, Burgoseko aztarnategiko koordinatzaileetako batek, gaur esan duen bezala. Ikertzaileak prentsaurreko batean zehaztu duenez, aurkikuntza Dolina Handiko TD 6 mailan gertatu da, hau da, 1994an Homo antecessor hominidoaren lehen hondakinak aurkitu ziren maila berean. Bermúdez de Castrok esan du bi pieza bikain eta hauskor direla. Pieza bat parietal zati bat da eta buztin karbonatatuan sarturik dago. Hori dela eta, bi edo hiru hilabete behar izango dira hiru edo lau urteko haur baten hezurra dirudien pieza hori garbitzeko eta aztertzeko.

Escavaciones

Lehenengo aurkikuntzak egin ondoren, berriz aztertu ez den inguru horretan bertan, duela milioi bat urte bizi izan zen nerabe baten masailezurraren zati bat aurkitu da. Ikertzaileen arabera, pieza hori Homo antecessor 1 edo “Dolina Handiko mutila” izenarekin ezagutu izan den gizakiarena izan daiteke.

Bermúdez de Castrok azaldu du aurkitutako hondakinak oso garrantzitsuak direla, are gehiago kontuan hartuta lanean jarraitzen dela eta metro karratu bakar bateko lauki delikatu horretan, beste zatiren bat aurki daitekeela oraindik ere.

Eurasiako hominidorik zaharrenak

Eudald Carbonell, aztarnategiko kozuzendari batek, Elefantearen Simako aurkikuntzak azpimarratu ditu. Bertan, duela 1.500.000 urte egindako objektuak aurkitu dira lehen aldiz. Pieza horiek dira Eurasiako haitzuloetan hominidoak bizi izan zirela frogatzen duten aztarnarik zaharrenak.

Aztarnategiaren alde horretan 1.200.000 eta 800.000 urte bitarteko antzinatasuna duen ganibet bat ere aurkitu da kanpaina horretan. Carbonellek zehaztu du ganibeta, ziurrenik, ehizatzeko eta animaliak zatikatzeko erabiltzen zela. Halaber, aztarnategiaren alde hori gizakiaren bilakaeraren historian ezagutu diren hiru teknologien aztarnak aldi berean aurkitzen diren munduko toki bakarra dela adierazi du.