Arabako Arkeologi Museoa

Arkeologi Museoa

Helbidea:

Ordutegia:

Bisitaldi gidatuak:

Sarrera doan.

Arabako Arkeologi Museoa Erdi Aroko gunean dago, Hedegile (Correria) kaleko Gobeo-Gebara etxean, hain zuzen. XVI. mende erdialdeko armagin etxe bat da. Museoaren helburuak Arabako antzinako historiaren aztarnak babestea, ikertzea eta ezagutaraztea dira.

Beheko solairuan, argibide eta informazio orokorra emateaz gain, erromatarrek Araban utzi zituzten zenbait arrasto nabarmen daude agerian: miliak adierazteko bidarri bat, hilarri multzo interesgarri bat etab. Erdi Aroko zenbait aztarna ere ikus daitezke beheko solairu horretan.

Lehen solairuan Arabako erromatar aztarnategi garrantzitsuenetan aurkitutako hondakinak daude: Iruņa-Veleia, Arkaia eta Cabrianako aztarnak. Galtzada inguruetan, leize-zuloetan eta han-hemenka aurkitutako beste zenbait gauza ere badaude museoan. Solairu honetan kokatzen dira hainbat zerbitzu tekniko ere: museoko buruzpide orokorrak, ikerketen edo indusketen sustatzea eta koordinatzea, aurkitutako aztarnen zaintzea eta jendaurrean aurkeztea, ikasleentzako programen lantzea etab. Zazpi mila liburu baino gehiago dituen liburutegi publikoa ere bertan dago.

Lantzen ari garen gaiari dagokionez, bigarren solairua da guretzat interesgarriena. Solairu honetan ikusi ahal izango dituzu Araban aurkitu izan diren Historiaurreko lanabesik zaharrenak. Murba eta Kargaleku bezalako aztarnategietan topatutakoak dira. Aipagarriak dira, baita ere, zenbait trikuharri eta monumentutan (Aizkomendi, Gurpide, San Martin, San Juan Ante Portam Latinam etab.) aurkitutako hileta-ondasunak. Burdin Aroko aztarnen artean, berriz, Henayo, Oro, Lastrako kastroak, La Hoya eta Iruņa herrixketan aurkitutakoak ikus ditzakegu.