Emakumeen egoera Antzinako Grezian

Legez, emakumeek ezin zuten senarra izango zena aukeratu eta, horregatik, ezkontza, kontratu bat zen, senargaiak emaztegaiaren aitarekin edo ordezkariarekin egiten zuena. Hortaz, ohikoenak ezezagunen arteko ezkontzak ziren. Emakumeak 16 urte inguru zituztela ezkontzen ziren eta aitak dotea edo ezkonsaria ematen zuen, gerora, senarrak administratzen zuena. Senarrak inolako arrazoirik eman beharrik gabe bereiztea erabaki zezakeen, baina horretarako, dotea itzuli behar zuen eta seme-alabak bere esku gelditzen ziren. Emakumeek dibortzioa eskatzeko, senarrak tratu txarrak ematen zizkietela erakutsi behar zuten. Alargun gelditzen zen emakumeak, senarrak hil aurretik esaten zuenarekin edo legez bere jabe zenak (semerik zaharrena, aita edo beste senitartekoren bat) erabakitzen zuenarekin, ezkondu behar zuen.

Miletoko Aspasia

Emakume greziar aberatsak seme-alabak hazteaz, etxea zaintzeaz eta etxeko lanak egiteaz arduratzen ziren, beti ere, esklaboen laguntzaz. Gainerako emakumeek artisau edo dendari lan egiten zuten, edo neskame ere izan ahal ziren.

Baina baziren herritarren emazteak baino askeago bizi ziren emakume dantzariak eta musikariak ere; hetaira zeritzenak, berriz, gazteei irakasteko akademiak zuzentzen zituzten emakume atzerritarrak ziren, eta artista eta filosofoekin bilerak egiten zituzten… Ezagunena Miletoko Aspasia izan zen, Periklesen laguna eta oso azkarra zelako, ezagun egin zena. Aurrerago, Hipatia ere nabarmendu zen, eta Alexandriako emakume hori matxinada batean hil zuten.