Partenoia

Oraingo honetan eta adibide bezala, gidoia Greziako tenplurik ospetsuenean aplikatuko dugu, Atenasko Partenoian.

Partenoia

Persiarrak garaitu izana erakusteko, eta herriaren boterea eta aberastasuna agerian uzteko, Partenoia eraikitzea erabaki zuen Atenasko herritarren biltzarrak. Horixe izango zen, Atenasko herriaren zaindari zen Atenea jainkosaren estatuaren kokagune.

K.a. 448. urtean hasi ziren egiten, Iktinos eta Kalikrates arkitektoen zuzendaritzapean. Fidias eskultoreen taldeaz eta Atenearen estatua egiteaz arduratu zen. Hamar metro luzeko eskultura da, marfilaz, harribitxiez eta urrez estalita zegoen eta tenpluaren gainerako guztiak baino kostu handiagoa izan zuen.

Lau izan ezik, gainerako zutabe guztiak doriar estilokoak ziren, baina atzealdeko ganbarako laurak joniarrak ziren; hormak, berriz, landutako marmol zuriz eginda zeuden.

Zutabeek eta hormek eusten zioten sabaiari, dintel edo zurezko habe batzuen bidez, eta teilaz estalita zegoen. Aurrealdeko eta atzealdeko fatxadan frontoiak zeuden.

Eraikina apaintzeko eskultura, baxuerliebe eta altuerliebe ugari erabili zen: Greziako mitologiako irudiak, Atenasko jainko-jainkosak, gizon-emakumeak, eta batez ere, Persiarren aurkako borrokan Maratonen hil ziren herritarrak irudikatzen zituzten.

K.o. V. mendean Atenearen estatua desagertu zen. VII. mendean, barrualdean, obrak egin ziren eta eliza kristau bihurtu zen.

XV. mendean, turkiarrek Atenas konkistatu zuten eta meskita bihurtu zuten. 1687an, turkiarrak Veneziarren aurkako borrokan zebiltzala, bolborategi bihurtu zuten eta bonba bat erori zen bertan: muturrak izan ezik, gainerako guztia suntsitu zen. Ordutik, eskulturak lapurtu ziren eta marmola beste eraikin batzuetan erabiltzeko edo erre eta karea egiteko erabili zen.

XIX. mendean, Greziarrak Turkiarrengandik independizatzean, berritu egin zuten, eta XX. mendean atmosferaren kutsaduraren ondorioz, zenbait kalte jasan zuen; horregatik, eraikina babesteko legeak onartu ziren.