Greziar zibilizazioak gure bizimoduan izan duen eragina argien erakusten duen adibidea, olinpiar jokoak dira. Lau urterik behin izaten diren kirol lehiaketak.
Ideia honen jatorria antzinako Grezian dugu; bertan, eta lau urterik behin (Olinpiada izeneko denbora tartea), herririk garrantzitsuenek, hainbat polisetako ordezkariek parte hartzen zuten jokoak antolatzen baitzituzten: Korintoko ismiar jokoak, Delfoseko joko pitikoak, Olinpiako olinpiar jokoa etab. Azken horiek izan ziren ezagunenak, eta ospatzen ziren bitartean, gerrak eten egiten ziren eta heriotza-zigorrera kondenatutakoak ez zituzten hiltzen.
Hainbat kirol-proba egiten zituzten: berrehun metroko eta laurehun metroko lasterketak, hirutik bost kilometrora bitarteko lasterketak, pentatloia, hau da, luzera jauzia, disko jaurtiketa eta jabalina jaurtiketa, boxeoaren antzeko borroka eta lasterketa, pankrazio edo borroka librea eta koadriga lasterketak. Irabazleei, olibondoaren hostoez egindako koroa bat besterik ez zitzaien ematen, baina beren izenak poeten idatzietan agertzen ziren, estatuak egiten zitzaizkien…
Kirol-lehiaketak egiten ziren bitartean, literatur eta musika-lehiaketak ere izaten ziren, eta filosofoek beren ideiak azaltzen zituzten hitzaldietan… Olinpiadak K.a. 776. urtean hasi ziren, eta data hori egutegirako erreferentzia izan zen; eta K.o. 393. urte arte jarraitu zuten. 1896. urtean, frantziar batek, Coubertin Baroiak, gure garaietako lehen olinpiadak antolatu zituen Atenasen.