Inperioaren barnean sartzen ziren lurraldeak kontrolatzeko asmoz, Erromatarrek, lurralde berriak konkistatu ahala, galtzada-sare zabalak osatu zituzten. Lurraldean bakea ezarri ondoren, galtzadak oinarri-oinarrizkoak izan ziren lurralde haiek ekonomikoki ustiatzeko eta merkataritza bultzatzeko. Antonino Ibilbidea (K.o. III. mendea) deitutakoari esker, Inperioaren galtzada sarea eta zeharkatzen zituzten tokiak ezagutu ahal izan dira.
Denborak igaro ahala manten zitezen, eraikuntza-sistema berri bat erabili zen, oso iraultzailea gainera. Beste ezer baino lehen, zorua prestatu behar zuten, eta horretarako, zulo sakon bat egiten zuten, ondoren harri handiz betetzeko. Horren gainean, harri txikiak erabiliz, hormigoiaren antzeko masa bat egiten zuten eta zenbait geruza botatzen ziren. Azkeneko geruzan, lauza lauak ezartzen ziren. Eta galtzadak okerdura batekin egiten ziren, euri-ura alboetara errazago joan zedin.
Galtzaden zabalera bost metrotik hamarrera bitartekoa izan ohi zen eta, horregatik, soldaduen zutabeak edota gurdiak bi noranzkoetan pasa zitezkeen. Galtzada ertzean “zerbitzuguneak” eraiki ziren, jan, atseden hartu eta zaldiak aldatzeko. Galtzada horietako asko gerora ere erabili izan dira.