Hasiera Contacto Menua Edukia
2º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Paisaiak eta lurralde-populaketak
Atala: Hiri-sareak

Komunikabide eta garraio egiturak

Azpiegituren garrantzia

XX. mendearen azken herenean, telekomunikazioek gero eta garrantzi handiagoa hartu zuten, eta garraio-sistemak eta –sareak hobetu egin ziren. Hirien bilakaera bi ezaugarri horiek baldintzatu dute, hain zuzen.

Garraioez hitz egiten denean, salgai eta ondasunen ohiko joan-etorriez gain, gizakienak ere hartzen dira kontuan.

Komunikazio-sareek garrantzi handia dute kontraurbanizazio-prozesuan. Ildo horretan, landaguneetan bizitzea erabakitzen dutenek eremurik eskuragarrienak aukeratzen dituzte, hau da, hiriguneetara joateko errepiderik onenak dituzten guneak.

Gizakientzako hirien ezaugarri nagusia hurbiltasuna da, edo hala izan beharko luke, behintzat. Hirietan autoak jaun eta jabe direnean, harreman-eremu komunak desagertu eta kaleak errepide bihurtzen dira.

Kale eta plazak errepide zaratatsu, kutsakor eta arriskutsu bihurtzen direnean, biztanleek eguneroko harreman-eremu gisa erabiltzeari uzten diete, eta telebistaren aurrean babesten dira, etxeko eremu pribatuan.

Ondorio ekologiko eta sozialek, ordea, ez dute izaten eragin berbera biztanle guztientzat. Kalterik handiena haurrei (ez baitute kalean bakarrik jolasterik izaten), adinekoei, emakume askori, pobreenei eta mugikortasuna murriztuta dutenei egiten zaie. Horiek guztiek, izan ere, autorik gabeko gehiengo isilarazia osatzen dute.

Populazio osoaren % 40k baino gutxiagok du gidabaimena, eta autoa are jende gutxiagok erabiltzen du eguneroko joan-etorrietarako. Ikusten denez, beraz, auto pribatuetan oinarritutako mugikortasun-sistema duten hiriek biztanleriaren gehiengoari muzin egiten diote, heldu baten mende uzten baitituzte, edonora joateko.

Bidaia ertain eta luzeetarako talde-garraio publikoak erabiltzeko eta tarte laburrak bizikletaz edo oinez egiteko aukera eskaintzen duten hiriek, aldiz, biztanleen giza garapena sustatzen dute.

Ihitza aldizkariko pasartea. Eskola-elkartearen ingurumen-hezkuntzako aldizkaria da Ihitza.

Komunikabideak eta garraioak Euskal Autonomia Erkidegoan

Komunikazioa eta garraioa

Euskal Autonomia Erkidegoa txikia da, eta oso ongi komunikatuta dago, bai barnealdean, bai kanpoko lurraldeekin. Ez da ahaztu behar Iberiar penintsulako erdialdetik eta mendebaldetik Europara bidaiatzeko bertatik igaro behar dela, ezinbestez.

Bide-ardatz nagusia I. errepide nazionala (Madril-Irun) da, Madril Parisekin lotzen duena. Beste ardatz garrantzitsu batek (Eibar-Durango errepideak) Donostia eta Bilbo lotzen ditu, kostaldetik. Azkenik, kostaldeko beste errepide baten bidez, Bilbotik Santanderrerako (Kantabriarako) eta Oviedorako (Asturiaserako) joan-etorriak egiten dira.

Vitoria-Gasteizen, Bilboren eta Donostiaren arteko autobideek eratzen duten triangelua errepide okertsuz josita dago.

EAEn, bi eratako trenbideak daude: zabalak (RENFErenak) eta estuak (FEVE).

Trenbide zabaleko sareak EAE Espainiarekin lotzen du.

Trenbide estuko sarea garrantzi handikoa da EAEn. Siderurgia-enpresen inguruan sortua, herri garrantzitsu ugaritara iristen da. Kostaldeko ardatz osoa zeharkatzen du, Bilbotik Iruneraino eta Hendaiaraino. Penintsularen iparraldeko trenbide estuko sarearen gainerako atalekin ere bat egiten du, Balmasedan elkartzen diren bi adarren bidez. Lehen adarrak Bilbo, Santander eta Oviedo lotzen ditu kostaldetik; bigarrenak Bilbo Burgos, Guardo (Palentzia) eta Leon, Kantauriko mendilerroaren hegoaldetik. Aipatutako bideak funtsezkoak izan ziren XIX. mendean, ikatza meatze-arroetatik euskal industria siderurgikoetara garraiatzeko.

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.