Paisaia babestuak

Gero eta paisaia gizatiartu gehiago dago eta gero eta paisaia natural gutxiago. Aldaketa horien guztien aurrean, gobernuek natura zaintzeko neurriak abian jarri dituzte. Duten fauna edota floragatik interes handiagoa daukaten paisaia naturalak babestu egiten dira; horrek bertan giza-jarduera asko kontrolatu, edo zenbaitetan debekatu egiten direla esan nahi du. Era berean, mehatxatuta edo galtzeko arriskuan dauden espezie begetalak edo animaliak babestu egiten dira.

Natur gune babestuen sailkapena

Parke Naturalak: Autonomia erkidegoek bakarrik eskumena duten natur gune babestua parke naturala da. Parke Naturalak gizakiak egindako ustiaketak edo okupazioak nabarmen aldatu ez diren guneak dira; bertako paisaiek duten edertasunagatik, ekosistemen adierazgarritasunagatik edo bertako flora, fauna edo formazio geomorfologikoen bitxitasunagatik ezagutzen dira.

Parke Nazionalak: Ia aurreko natur gunea bezalakoa da; baina printzipioz, parke nazionalak are eta aldaketa gutxiago jasan dute, eta duten bitxitasunak naziorako interes orokorrekoa izan behar du, hau da, Espainiako natur sistema nagusien adierazgarria izan behar du.

Natur guneak izendatzeko erabiltzen diren beste izen batzuk honako hauek izan daitezke: Natur Erreserbak (Natur Erreserba Zientifikoak edo Natur Erreserba Integralak), Natur Monumentuak, Paisaia Babestuak, Herrialdeko Parkeak…

Natur gune horien arteko desberdintasuna kudeaketa mota izan daiteke; hau da, kudeatzen dituen administrazioaren arabera, edo duten babes graduaren arabera sailkatzen dira. Horrela, autonomia erkidego bakoitzak zenbait maila ezartzen ditu bertako natur guneak sailkatzeko.

Espainiako babeserako ereduei Europa edo mundu mailako beste izendapen batzuk gehitu behar dizkiegu, hala nola, Biosferaren Erreserba. Kudeaketa Autonomia Erkidegoena da ere, baina jatorria beste bat da. Herrialde bakoitzeko gobernuek, Komite nazionalen bidez, proposatzen dituzte Biosferaren Erreserba izan ahal diren guneak. UNESCOren Gizakia eta Biosfera (Man and The Biosphere) nazioarteko programaren Nazioarteko Kontseiluak proposamenak aztertu eta baldintza batzuen arabera onartuko ditu ala ez.

Natur gune babestuak Euskal Herrian

Euskal Herriko Parke Naturalak

Euskal Herrian, lehenengo gune babestua – Urdaibaiko Biosferaren Erreserba (22.000 hektarea)- 1989an izendatu zen. Geroago, eta Euskal Herriko Natura kontserbatzeko 16/94 Legearen garapenari esker, 9 gune gehiago babestu dira (Valderejo, Izki, Gorbeia, Urkiola, Aiako Harria, Arala, Aizkorri-Aratz, Armañon eta Pagoeta). Parke Natural horien artean 79.000 hektarea babestuta ditugu, hau da, lurraldearen % 11, eta Espainiako Estatuaren batez bestea bost puntutan gainditzen du.


Biotopo babestuak Euskal Herrian

Gune babestuen sarea 5 biotopo babestuk osatzen dute (Gaztelugatxe, Inurritza, Biasteriko Urmaelak, Leitzaran Ibaia eta Itxina).