Urbanizazio prozesua hiru alditan bana dezakegu: industriaurreko aldia, industria aldia eta postindustrial aldia.
Lehenengo hiri-zibilizazioak orain dela sei mila urte inguru sortu ziren Mesopotamian, Egipton eta Txinan. Merkataritzarako eta funtzio komertzialak zituzten.
Hiri-kokalekuek ospe handia lortu zuten Greziako eta Erromako zibilizazioetan. Greziako hiriak (polis) hiri-gune txiki baina garrantzitsuak ziren (hiri-estatuak).
Erdi Aroan, XI. mendetik aurrera, sistema feudalari esker, hiriak indartu ziren; harresiak zituzten eta gazteluak nagusi ziren.
Errenazimentuan (XV-XVI. mendeetan) behin-betiko bultzada hartu zuten, beti ere, simetria, proportzio, orden eta naturarekiko errespetu- arauetan oinarrituta. Barrokoan, monarkek hiriak edertu zituzten; horretarako jauregi eta eliza handiak, kale zabalak eta zuzenak, eta lorategi handiak, iturriak, plaza nagusiak… eraiki zituzten.
XVIII. mendetik aurrera (Ilustrazioa), aldaketak gertatzen hasi ziren. Monarka ilustratuek baldintza estetikoak eta higienikoak hobetu zituzten berrikuntzak sustatu zituzten. Industria-iraultzak eta garraiobideen garapenak hiriak haztea eta langile-auzoak sortzea ekarri zuten.
Hiriak harresietatik harantzago zabaltzen hasi ziren. Gune berrietan lehenengo hirigintza proiektuak burutu ziren: zabalguneak, lorategi-hiriak, langile-auzoak…
XX. mendean, hiri-guneen zabalkuntza azkartu egin zen garraiobide eta teknologien hobekuntzari esker. Hirugarren jarduera nagusitzeaz gain, hiri-aglomerazio handiak ikaragarri zabaldu dira.
Herrialde garatuetan hiriek ezaugarri komunak dituzte, baina bada alde garrantzitsuren bat: Europako hiriak denboran zehar gertatutako zenbait aldaketen ondorio dira; Ameriketako Estatu Batuetako Kanadako edo Australiako hiriak, aldiz, sortu berriak dira.
Garatu gabeko herrialdeetan hiri-eztandak zenbait arazo sortu ditu; zenbaitetan, adibidez, sukar tifoideoak endemikoak dira oraindik ere, eta kolera ez da erauzi higiene ezagatik, edateko ura hornitzeko sistemetan arazo larriak dituztelako eta saneamendu-sarean gabezia handiak dituztelako.