Gaiak
Prozedurak
|
Gaia: Erdi aroaren hasiera: Mediterraneoko batasunaren bukaera
Atala: Islama
Kultura eta zientziaArtearekin gertatu zen bezala, islamak bere kultura bereizgarria sortu zuen, konkistatutako herrialdeetako elementuak bereganatuz eta uztartuz. ![]() Islamiar zibilizazioaren ekarpenik handiena beste zibilizazio batzuen (greziarraren, bizantziarraren, persiarraren eta indarraren) kultura-oinordetza gordetzea, garatzea eta hedatzea izan zen. Eskuizkribuak bilatzen zituzten, eta kopiatzaileek kopiatu ondoren, kaleratu egiten zituzten. Lagun asko eta asko aritzen ziren kopiatze-lanetan. Aristotelesen, Galenoren, Ptolomeoren, Hipokratesen eta beste hainbat egileren filosofia- eta zientzia-lan garrantzitsuak arabierara itzuli zituzten, eta horri esker heldu ziren Mendebaldera ere. Lurralde islamiarretan, zientzia-tradizioa oso aspaldikoa da. Gobernu islamiarrek astronomo, matematikari eta zientzialariei orokorrean babesa eman zieten. Kairon, Bagdaden eta Kordoban, adibidez, unibertsitateak, liburutegiak, behatokiak, laborategiak... eraiki ziren, eta mundu osoko jakintsuak bertaratu ziren. Mendebaldeko medikuntza sineskerietan oinarritzen zen bitartean, islamiar munduko ospitaleetan medikamenduak eta antiseptikoak erabiltzen zituzten. Era berean, Averroes eta Avicena medikuek ebakuntzak egiten zituzten, anestesia gisa opioaren deribatuak erabiliz. Al-Razí sendagileak baztangaren inguruko aurkikuntza garrantzitsuak egin eta haurren gaixotasunei eta giza anatomiari buruzko tratatuak idatzi zituen. Abul Qasim zirujau kordobarrak sortutako tresna berriak mendez mende erabili ziren, gero. ![]() Astrolabioan eta beste hainbat itsas tresnatan egindako hobekuntzek, batetik, eta kartografiaren garapenak, bestetik, eragin erabakigarria izan zuten nabigazioan eta mundu ezezagunen esplorazioan. Matematiketan, zifra hinduak (1etik 9ra bitartekoak) eta zero zenbakia erabiltzen hasteak berebiziko iraultza sortu zuen matematika-kalkuluetan. Horrez gain, aljebra, geometria eta trigonometria ere garatu ziren. Literatura, batik bat poesia, izugarri garatu zen. Ildo horretan, azpimarragarria da Ibn Hazm poetaren Usoaren lepokoa. Hamaika ipuin, fabula eta bidaia-narrazio ere idatzi zuten. Dena den, ezbairik gabe, lanik ezagunena Mila gau eta bat gehiago ipuin-bilduma da, ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi hedatutako ipuin herrikoiak jaso baitzituen. 19
Zure koadernoan erantzuteko:
|