Izurri beltza

Izurri beltza Txinatik eta Indiatik iritsi zen Europara 1348. urtean eta oso azkar hedatu zen herrialde gehienetan. XVIII. mendearen hasiera arte ez zen desagertu eta 1429, 1439 eta 1448. urteetan gertatu ziren heriotza gehien.

Badirudi izurri beltzaren jatorria arratoi beltzari eragin zion bazilo bat izan zela eta, gero, arratoiak arkakusoa kutsatu zuen (parasito hori animaliaren odolaz elikatzen baita). Ondoren, arkakusoak pertsonei kutsatu zien gaixotasuna.

Izurri beltzaren hedapena

Izurri beltza izena jarri zioten gaixotasunak azalean orban beltzak sortzen zituelako, baina bi izurri-mota bereizten ziren: izurri bubonikoa eta izurri pneumonikoa. Izurri bubonikoaren kasuan, gaixoen hilkortasuna % 75etik gorakoa zen eta gehienak gaixotasuna hartu eta lehenengo astean hiltzen ziren. Izurri pneumonikoa zenean, hilkortasuna % 95ekoa zen eta gaixoak hiru egun irauten zuen gehienez (ezagutzen den gaixotasun infekziosoenetakoa eta hilgarrienetakoa da).

Izurri beltzak espero baino eragin handiagoa izan zuen, izan ere, biztanleria oso ahul baitzegoen gaixotasunari aurre egiteko. Benetan, Europak krisi larria zuen. Bestalde, izurriak etxeko abereak ere gaixotzen zituen eta horrek krisia areagotzen zuen.

Izurriaren marrazkia

Gaixotasunak sarraski handiak eragiten zituen bazter guztietan, baina egoera larriena hirietan zuten (jende-pilaketaren, osasun-faltaren, elikagaiak lortzeko aukera txikiaren eta beste hainbat arazoren ondorioz). Biztanleengan izan zuen eraginaz jabetzeko, 1348. urteko martxoaren eta uztailaren artean Florentzian 100.000 pertsona inguru hil zirela estimatzen da, hau da, bertako biztanle gehienak. Kopuru orokorrak ematekotan, izurri beltzak Europako biztanleriaren heren baten heriotza eragin zuela esan behar da.

Garai hartan gaixotasuna airearen kutsadurak eragiten zuela pentsatzen zuten, lurzorutik edo Lurraren barnealdetik sortutako jarioen ondorioz. Gaixoak “izurriak jotakoen etxeetan” biltzen ziren, hirietatik urrun. Hildako guztiak elkarrekin lurperatzen zituzten zulo handietan eta jantziak erre egiten zituzten. Hilotz usteldu batzuk hiriei eta gotorlekuei erasotzeko arma gisa ere erabili zituzten.

Espero zitekeen moduan, eskaleak, pobreak eta baztertuak jo zituzten herri xehearen kutsatzaile. Juduak ere ez ziren salbatu: putzuak kutsatzeaz akusatu zituzten eta herritarren indarkeria jasan behar izan zuten.