Gaiak
Prozedurak
|
Gaia: Aro Modernoaren hasiera
Atala: Mundu ezagunaren zabalkuntza
Espedizioak![]() Esplorazio-bidaiarik garrantzitsuenak Portugalek eta Gaztelak babestu zituzten. Bien artean, Aro Modernoko inperio kolonialik aberatsenetakoa eta handienetakoa osatu zuten. Portugaleko lehen espedizioak Afrikara abiatu ziren, kostaldetik hegoalderantz. 1487an, Bartolome Días Esperantza Oneko lurmuturrera heldu zen, eta handik Indiara hel zitekeela iruditu zitzaion. Hamar urte geroago, halaxe egin zuen Vasco de Gamak. Portugaldarrek kotoiaren, espezieen eta zetaren merkataritza kontrolatu eta inperio kolonial garrantzitsua sortu zuten Asian (Molucasen, Zeilanen eta Malagan), Afrikan (Angolan, Mozambiken, Ginean eta Urrezko Kostan) eta Amerikan (Brasilen). ![]() ![]() Gaztelauek, Lurra biribila zelakoan, mendebalderantz jo zuten, Asiara heltzeko asmoz. Horretaraxe abiatu zen, hain zuzen, Kristobal Kolonen espedizioa. Indiarantz zihoazelakoan, 1492ko urriaren 12an, ustekabean, kontinente berria aurkitu zuten: Amerika. 1513an, Nuñez de Balboak Hegoaldeko itsasoa (gaur egun, Ozeano Barea) aurkitu zuen. Orduan, Ozeano Atlantikoa eta Barea lotuko zuen bidea bilatzeari ekin zion. 1520an, Magallanesek bere izeneko itsasartea aurkitu zuen. Magallanes hil eta gero, Elkano bihurtu zen espedizioko buru, eta, 1522an, Sanlucarrera itzuli zen, munduari lehen bira eman ondoren. |