3eso
Gizarte Zientziak

Irakur ezazu testu hau:

Gaur egun, laborantza transgenikoak zalantzan jarri dira. Alde batetik, transgenikoen alde daudenek horien ustiapena erraza dela argudiatzen dute; izan ere, oso espezie gogorrak dira (belar txarrak hiltzen dituzten baina ereindako landarea hiltzen ez duten herbizida edo plagizidak jasaten dituzte), eta munduko gosea arin ditzaketen elikagai merkeak izango direla diote txiroentzako lor errazak izan baitaitezke. Horien kontra daudenek, aldiz, munduan nahikoa elikagai dagoela diote, elikagaiak eralgi egiten direla. Gainera, ingurune txiroetan intsektizidak oso garesti ateratzen dira, eta beraz, herrialde aberatsak irabazten aterako direla.

Bestetik eta osasunaren ikuspuntutik, bada elikagai ziurrak direla defendatzen duen zientifikorik; baina beste zenbaitek ondorioak ateratzeko goizegi dela esaten dute, batez ere, alergien handiagotze eta elikagai transgenikoen kontsumoaren artean dagoen erlazioa kontuan hartuta. Bukatzeko, badirudi ingurumenean ere eragina eduki dezaketela; izan ere, landare transgenikoaren polenak ondoan dauden beste espezieak poliniza ditzake, eta horrela, landare berriak sortu eta bertakoak desager daitezke. Horri guztiari, transgenikoak komertzializatzeko hainbat herrialdek duten interesa gehitu behar diogu. Herrialde horiek banaketa erraz dadin borrokatzen ari dira.

Irakurri berri duzun testua kontuan izanda:

  • Uste al duzu posible dela ekoizpen transgenikoa osasunean eta ingurumenean eraginik izan gabe?
  • Zer gertatuko litzateke landare-espezie naturalekin (artoa, soja, garia, etab.) transgenikoen erabilera ohiko bihurtuko balitz?
  • Zein dira zure ustez, produktu transgenikoak komertzializatu nahi dituzten herrialdeak?
  • Bukatzeko, elikagaien osagairen bat genetikoki eraldatuta balego, etiketetan agertzea nahi zenuke? Zergatik?