3eso
Gizarte Zientziak

Irakur ezazu Intermon Oxfam erakundeak bidezko merkataritzari buruz argitaratutako artikulua:

2009ko urriaren 22a

Gabon bidezkoagoen alde. Zure erosketak elkartasun-ekintza bihur daitezela.

Aurtengo kanpainan, Asiako artisautza-lanak, kafea, turroi biologikoa eta bidezko merkataritzan diharduten artisauen testigantza- eta argazki-liburua, besteak beste, eskaintzen dizkigu Intermon Oxfam erakundeak.

Intermon Oxfamek, urtero bezala, opari-proposamenak kaleratu ditu Gabonetarako. Produktu solidario horiek erosiz gero, egoerarik txarrenean dauden komunitateetako gizartea eta ekonomia sustatzen lagunduko dugu, salmenten bidez lortutako irabazien portzentaje bat erakundeak Afrikan, Amerikan eta Asian abiarazi dituen garapen- eta larrialdi-programetara bideratuko baita. Izan ere, ekonomia-krisiaren mende gaudela, horrelako proiektuak inoiz baino beharrezkoak dira.

Aurtengo kanpainaren bidez, Intermon Oxfam erakundeak bidezko merkataritzako ekoizle talde jakin baten artisautza-lanak ezagutarazi nahi ditu bereziki. Taldearen izena Silence da, eta Kolkatan du egoitza. Langile guztiak urritu fisikoak dira, eta ezaugarri hori duen Indiako artisautza-elkarte bakarra da. Datu aipagarria da benetan, Indiako gizarteak ezinduak baztertu egiten dituela kontuan hartuta. Silence 1979an sortu zuten, eta gaur egun ehun bat langile ditu, denak ezinduak. Gehienak Kolkatako landa-eremuetako biztanleak dira. Elkartearen helburua langileak gizarteratzea eta ekonomia-munduan txertatzea da, bizimodu independentea izan dezaten. Bidezko merkataritzak pobrezia murrizten laguntzen du, nekazaritza eta artisau talde txikiei soldata duinak eta nazioarteko merkatuan sartzeko aukera emanez.

Intermon Oxfamek hainbat eratako imitaziozko bitxiak eta dekorazio-produktuak eskaintzen dizkigu, hala nola, Silenceko langileek landutako kandela apaingarriak, egurrezko eta hezurrezko joko-kaxak (barruan kartak eta dominoa dituztenak), artilezko eta biskosazko estola zuri-beltzak eta sari-oihalez egindako poltsa beltzak. Indian ekoiztutako bidezko merkataritzako produktuak dira denak.

Elikagaiei dagokienez, erakundeak bere ohiko hiru turroi motak jarri ditu salgai, hirugarren urtez jarraian. Xixonan egiten dituzte, Latinoamerikako nekazaritza-produktu biologikoak erabiliz. Eta hainbat kafe mota ere eskaintzen dizkigu, Amerikako eta Afrikako nekazari talde txikiek ekoiztuak. Azkenik, Gabonetako saskiak eros ditzakegu, bidezko merkataritzako produktu sorta aukeratua eskuratzeko, hainbat preziotan…”

http://www.intermonoxfam.org

  • Laburbildu testuko ideia nagusiak.
  • Irakurritakoa kontuan hartuta, zer da zuretzat bidezko merkataritza?
  • Zure ustez, nolako eragina du nazioarteko ekonomian?
  • Eta ingurumenean?