3eso
Gizarte Zientziak

Irakur ezazu EBk argitaratutako honako albiste hau:

Asiloa: arau bateratuak eta eraginkorragoak

Arau berriak proposatu dira Europako "asiloaren loteria" bertan behera geratzeko

EB arauak berrikusten ari da, asilo-eskubidea nori dagokion zehazteko eta nazioartean erabaki hori hartzeko modua finkatzeko.

Jazarpen-egoeran daudenei babes handiagoa ematea, iruzurrei aurrea hartzea eta EBko araudiaren ezarpena bateratzea dira helburuak. Gaur egun, babes-eskarien onarpen portzentajeak oso desberdinak dira herrialdeetan.

Europan asiloa lortzeko asmoa loteriarekin parekatzen dute, jokoan dagoena dirua baino askoz ere garrantzitsuagoa izan arren. Eskaria onartzen ez bazaie, egozteko agindua ematen da, eta, babes-beharra benetakoa den arren, jaioterrira itzuli behar izaten dute. Han, jakina, berriz jazarriak izateko arriskua dute.

Azken hamarkadan, EB asilo-prozedurak bateratzen saiatu da, baina, hala ere, babesa lortzeko aukerak nabarmen aldatzen dira, eskariari buruzko erabakia hartzen duen herrialdearen arabera.

Adibidez, txetxeniarrek errefuxiatu-estatutua lortzeko aukera ugari dituzte herrialde batzuetan, eta oso gutxi beste batzuetan. Irakiarrekin beste horrenbeste gertatzen da.

Horregatik, errefuxiatu asko herrialdez herrialde ibiltzen dira Europan barrena, bizitzen geratzeko aukera gehien eskaintzen dizkien tokira heldu arte. Asiloa eskatzeko hainbat herrialdetan zehar bidaiatzea ez da legezkoa: EBko zein estatutara iristen diren lehenbizi, bertan eskatu behar dute babesa.

Egungo araudi europarrak interpretazio-askatasun handia ematen die EBko herrialdeei. Batzordeak aurkeztutako arau berrien arabera, ordea, askatasun hori murriztu egingo da, eta eskariak azkarrago aztertuko dira. EBko herrialdeek sei hilabeteko epea izango dute erabakitzeko.

Jaioterritik alde egindako biztanleak hartzen dira errefuxiatutzat, alde egiteko arrazoia honako hauetakoren bat izan baldin bada: arraza, erlijioa, nazionalitatea edo iritzi politikoak. Nazioarteko legeek xedatzen dutenez, errefuxiatuek babes-eskubidea dute, nahiz eta EBn sartzeko modua legala ez izan.

Errefuxiatu gehienek EBko herrialde batean eskatzen dute asiloa: 2008an, 240.000 eskari egin ziren. 193.690 kasu berriri buruzko erabakiak hartu ziren, eta eskarien % 73 ez zen onartu.

Eskatzaile gehienen jatorrizko herrialdeak honako hauek ziren (kopururik handienetik txikienera): Irak, Errusia, Somalia, Serbia eta Afganistan.

Eskari gehien Frantzian (41.800) egin zituzten, eta, ondoren, Erresuma Batuan, Alemanian, Suedian, Grezian, Belgikan eta Herbehereetan. Biztanleko eskaintzaile portzentajerik handienak Maltan eta Zipren dituzte.

Hemendik aurrera, proposamenak Europako Kontseilura eta Legebiltzarrera bidaliko dira, aztertu eta erabakia har dezaten.

Europako Batzordeak 2009-10-21ean argitaratutako albistea

  • Atera eta labur itzazu testuko ideia nagusiak.
  • Zer politika motari dagokio proposamen hori?