Frantziako komunen jatorria

Garaipenaren Arkua

Frantziako egungo administrazio-banaketaren (komunaren) iturburua Frantziako Iraultza izan zen. 1789an, oinarrizko administrazio-atal bakarrak parrokiak ziren, oso populazio handiko herrialde hartan. Parrokia eliza batek eta inguruko etxeek osatzen zuten, lursail eta guzti. Herrixkak ziren, nolabait. Iraultza gailendu zenean, herriak botere eskuratu eta noblezia ezeztatu ondoren, komunak sortu zituzten parrokia eta hirien ordez, elizari erantzukizunak kentzeko. Komuna bakoitzak askatasunez bideratzen zituen bere gaiak, berdintasun-printzipioari jarraiki.

Estatu berriak honako administrazio-atal hauek eratu zituen: departamentuak, barrutiak, kantoiak eta komunak. Departamentu bakoitzak hainbat barruti zituen, barrutiak kantoietan zeuden banatuta, eta kantoiak komunetan (herrigune guztietan). Komuna bakoitzak alkatea eta udal-batzordea zituen, biztanleek aukeratuak, lehen aldiz historian. Denboraren poderioz Frantziako historian hamaika gorabehera izan diren arren, komunetan oinarritutako antolamendu-sistemak bere horretan iraun du gaur egunera arte. Filosofia politiko frantsesak arrakasta handia izan zuen Europan, eta beste estatu batzuetan ere ezarri zuten.