Liberalismo ekonomikoa

Liberalismoa

Liberalismo ekonomikoa Adam Smithek sortutako teoria ekonomikoa da. Ilustrazioaren garaian, XVIII. mendean, sortu zuen, arrazionalismoaren eta zientzia-azterlanekiko konfiantzaren ondorioz hainbat aldaketa hasi baitziren ernaltzen orduko gizartean. Smithen teoriaren arabera, estatuak ahalik eta eraginik txikiena izan behar du ekonomian, eta ahalik eta gutxien esku hartu, enpresei askatasunez aritzen uzteko eta berdintasunezko gizarte harmoniatsuagoa lortzeko. Ekonomia librea oparotasun-iturria zela aldarrikatzen zuen.

Liberalismo ekonomikoaren ikuspegitik, jabetza pribatua eta kontratu indibiduala funtsezkoak dira. Zerbait lortzeko gogoak eta inolako mugarik gabe lortzeko aukerak zoriontasunari eta emaitza onei ematen diete bidea.

Dena den, aipatutako teoria aldatu egin da, denboraren poderioz. Hasieran, estamentu-sisteman oinarritutako gizarte hartan, nobleen klase pribilegiatua zen jaun eta jabe, eta sortzen hasia zen klase berriari, burgesiari, oztopoak jartzen zizkion. Aldaketen ondorioz, aberastasunean oinarritutako gizarte-sistema nagusitu zen.