Hegoafrikako Errepublika

Hegoafrika

Hegoafrikako Errepublika Afrikako hegoaldeko muturrean dago. Namibia, Botswana, Zimbawe, Mozambike eta Swazilandia ditu mugakide. Bestalde, Lesothoko Erresuma Hegoafrikako Errepublikan dago. Errepublikak hiru hiriburu ditu: Pretoria (administratiboa), Bloemfontein (judiziala) eta Lurmutur Hiria (legegilea).

Lurmutur Hiria holandarrek sortu zuten XVII. mendean, Europako estatuen garai kolonialistan, baina azkenean hiritarren esku geratu zen, zenbait borroka militar garaitu ondoren. Europarrek xhosa eta zulu herri autoktonoak menderatu egin zituzten hasieratik. Urrezko meategien eta diamanteen aberastasun ikaragarriaren ondorioz, herrialde kolonialistak gerran hasi ziren elkarren kontra, lurraldeaz jabetzeko grinak eraginda. Bestalde, apartheid izeneko sistema finkatu zuten, arrazak banatzeko. 1961ean independentzia lortu arren, lehen hauteskunde demokratikoak 1994an egin ziren, lege diskriminatzaileak behin betiko indargabetu zituzten urtean.

Giza eskubideen aldeko borrokalaririk ezagunena Nelson Mandela lehendakari ohia (xhosa tribukoa) da. Mandela itzal handiko gizona da mundu osoan, gizarte bidezkoagoa lortzeko buru-belarri borrokatu izanagatik. Aurreko erregimenak utzitako zenbait arazo ez dira konpondu oraindik: immigrazioa, analfabetismoa eta behe mailako gizarte-klaseen pobrezia. Arazoak arazo, sistema demokratikoan erabateko konfiantza dutenez, “Ostadarraren Herrialdea” deitzen diote beren lurraldeari, bertako kulturaniztasun aberasgarria eta arraza-ugaritasuna direla eta.