Gaiak
Prozedurak
|
Gaia: Munduko desorekak
Bukatu aurretikMunduko herrialde guztiek ez dute beren natura-baliabideak ustiatzeko eta erabiltzeko aukerarik, egoera politikoak eragozten dielako edo baliabideak enpresa multinazionalen esku daudelako. Aipatutako enpresak atzerritarrak izaten dira maiz. Ondorioz, horrelako herrialdeak azpigaratuta daude, eta ez dute gutxieneko zerbitzurik edo hornidurarik, beharrak asetzeko. Horrela, adibidez, herrialde pobreetan oso arazo handiak dituzte ura eskuratzeko. Egoera hori arintzeko nahiak eraginda, munduko gobernuak antolatzen eta konponbideak bilatzen saiatzen dira. Era guztietako erabakiak hartzen dituzte, besteak beste, garapen-proiektuetarako diru-laguntzak ematea, interes txikiko kredituak eskaintzea eta herrialde azpigaratuen kanpo-zorra barkatzea. Ekimen eztabaidagarriak dira, ordea, jardunbideen gestioa kolokan jartzen baita sarritan, eta herrialde zordunak mendekotasun-egoeran jartzea leporatzen baitzaie. NBEko hainbat mundu-erakunde (hala nola, MMA, FAO, OME eta UNICEF) pobreziaren kontra eta bidezko merkataritzaren alde dabiltza buru-belarri, baina kritikatu ere egiten dituzte, helburu gutxi lortzen omen dituztelako. Lehia askeko mundu-merkatuaren ondorioa globalizazioa izan da. Globalizazioaren kontrako erakundeek sistema kapitalista jotzen dute hirugarren munduko herrialdeen mendekotasunaren eta desoreka-egoeraren erruduntzat edo iturburutzat. Hainbat irizpide erabiltzen dira herrialdeen pobrezia maila finkatzeko eta sailkatzeko, adibidez, desberdintasun-adierazleak (hala nola, GGI eta NPG) eta pertsonako kaloria-kontsumoa. Aipatutako datuetatik abiatuz, nazioarteko erakundeek tokian tokiko beharren araberako azterlanak egiten eta jarduketak finkatzen dituzte. Munduko gobernuek garapen-politikak gauzatzeko konpromisoak hartu eta sinatu dituzte, konferentzien eta tratatuen bidez. Baina inplikazio mailen arteko desberdintasunen ondorioz, aurrerapausoak oso mantsoak ari dira izaten, premiazko gaia den arren. Ondorioz, gabezia larriak dituzten edo gatazka armatuen ondorioz bizilekua utzi eta lekuz aldatu behar izan duten biztanle askok emigratzea erabakitzen dute. Komunikabideetan lehen munduan bikain bizi direla ikusten dutenez, herrialde garatuetara emigratzen dute, bizimodu hobea izateko itxaropenaz. Etorkin asko iristen direnean, horrek berekin dakarren kultura-aberastasunaz jabetu beharrean, arbuiatu eta gutxietsi egiten dituzte batzuetan. Etorkinen ohiturek eta itxurak xenofobia pizten dute zenbait hiritarren artean. Eskualde aberats askok, baita europarrek ere, etorkin kopurua mugatzea erabaki dutenez, mafiek eta eskrupulurik gabeko enpresariek neurrigabekeriak edo abusuak egiten dituzte, etorkinak kalifikazio txikiko zereginik latzenetarako hartuz eta oso lanaldi luzeak ezarriz. Ideia nagusiak
Mapa kontzeptualaIkasitakoa egiaztatzen dutGehiago jakitekoArtikulu interesgarriak
BitxikeriakLiburu gomendatuakFilm gomendatuak |