Gaiak
Prozedurak
|
Gaia: Erdi aroaren hasiera: Mediterraneoko batasunaren bukaera
Atala: Mendebalde germaniarra
Karlomagnoren Inperioa
Karlomagno eta Adriano I.a Aita Santua
Pipino Txikia hil zenean (768), Frankoen erresuma bi semeen esku geratu zen: Karlomagnoren eta Karlomanen esku. Handik hiru urtera, bigarrena hil ondoren, Karlomagno agintari bakar bihurtu zen. Aitaren urratsei jarraituz, Adriano I.a Aita Santuari babesa eskaini zion, eta lonbardiarren aurka borrokatu zuen. 774 urtean, Karlomagno lonbardiarren errege zen jadanik, eta Aita Santuak “Erromaren babesle” izendatu zuen. Une horretatik aurrera, saxoniarren eta musulmanen kontra jo zuen. Saxoniarren kontra borrokatzen ari zela, Hispaniara joan zen. Handik bueltatzerakoan, bere armadaren erretagoardia euskaldunen segadan erori zen, Orreagan (778).
Roldanen heriotza
Inperio Karolinjioa (VIII-IX mendeak)
VIII. mendearen bukaerarako, frankoen nagusitasuna ia Europako mendebalde osoan hedatu zen. 800 urteko eguberrian, Erromako Done Petri basilikan belaunikaturik, Karlomagno Mendebaldeko Inperioko enperadore izendatu zuen Leon III.a Aita Santuak. Gerora, beste izen bat ezarri zioten: Germaniako Inperio Santua.
Karlomagno Enperadorea
Karlomagnoren erregealdiak ezaugarri bereizgarri bat izan zuen: estatu-antolamendua finkatzen saiatu zen, nolabait. Izan ere, Erdi Aroko saiakerarik aipagarriena izan zen. Ildo horretan, azpimarratzekoa da lurraldea konderrietan banatu zuela. Mugakide arriskutsuak zeuden tokietan, muga-barrutiak eta prefektuen agindupean ezarri zituen. Estatu-administrazio osoa bateratzen saiatu zen. Horretarako, Akisgran hiriburu izendatu eta jauregia eraiki zuen bertan. Jauregia gobernu-erakunde nagusia zen, Inperio osorako legeak hantxe onartzen eta finkatzen baitziren. Gero, ikuskatzaile multzo bat (missi) lege-xedapenak Inperioko bazter guztietan betearazteaz arduratzen zen. |