Hasiera Contacto Menua Edukia
1º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Gizadia historia hasi aurretik
Atala: Historiaurreko garaiak: Paleolitikoa

Goi Paleolitikoa

Goi Paleolitikoan Homo sapiens sapiens gizakia agertu zen eta Homo sapiens neanderthalensis edo Neanderthal-eko gizakia galdu zen. Teoria ugari badago ere, oraindik ez dakigu zehazki zergatik galdu zen Neanderthal-eko gizakia. Ziurrenik, Homo sapiens sapiens gizakia azkarragoa izango zen buruz, eta aurrekoak baino hobeto egokituko zen ingurunera. Ondorioz, planeta osoan zehar hedatuko zen. Gaur egun bizi diren arraza guztien abiapuntu da gainera.

Harriak ez ezik, hezurrak ere erabiltzen zituzten lehengai gisa eta tresna eta lanabes ugari egiteko gai ziren. Tresna eta lanabes horietako bakoitzak bazuen bere zeregina: ehizatzea, ebakitzea, zulatzea, jostea, arrantzan erabiltzea, birrintzea, zurratzea, zatikatzea etab. Aniztasun horren ondorioz, arkeologoek Goi Paleolitikoa aztertzeko zenbait kultura bereizi dituzte horren barruan: Aurignac aldia, Solutre aldia, Madalen aldia etab.

Bizitza goi Paleolitikoan

Ibaietatik oso gertu, kanpoko kanpalekuetan edota haitzen babesean bizi ziren. Enborrak, adarrak eta animalien larrua erabiliz txabolak ere, egiten zituzten.

Oinarrizko kanpalekuen inguruan beste kanpaleku batzuk zeuden eta hauetako bakoitzak bere zeregina zuen, ehiza edo harriak lantzea, adibidez.

Ehiztari adituak izateaz gain, arrantzan ere bazekiten, eta kostaldean itsaskiak biltzen zituzten fruituekin batera. Animalia belarjaleen taldeen atzetik mugitzen ziren batetik bestera.

Horien bizimoduan erlijioak eta bizitza espiritualak garrantzi handia zuten. Hildakoak lurperatzen eta gurtzen zituzten, eta haien hilobietan ondasunak uzten zizkieten (idunekoak, harrizko tresnak, janariak…). Naturaz gaindiko indarretan sinesten zuten, astroak gurtzen zituzten, eta arriskuetatik babesteko, erritoez baliatzen ziren. Bai labar-artea, eta bai gainerako arte-adierazpenak erlijioarekin estuki lotuta zeuden eta ospakizun eta errito magikoetan parte hartzen zuten.

17
  • Aurkitu Goi Paleolitikoko hezur industriako objekturik interesgarrienak eta azaldu zertarako erabiltzen ziren.

Arte-adierazpenak

Goi Paleolitikoan agertu ziren gizakiaren lehen arte-adierazpenak. Artearen barnean bi joera argi bereiz daitezke:

  • Labar-artea: haitzuloetako edo natur babesguneetako hormetan egindako artea da. Pintura eta grabatua dira teknikarik erabilienak.
  • Arte higigarria: objektuetan egindako artea da: hezurrak, errekarriak, harri lauzak, adarrak etab.
Paleolitikoko artea

Labar-artea

Dudarik gabe, labar-artea Paleolitikoko arte-adierazpenik garrantzitsuena da. Labar-pinturek informazio baliotsua ematen dute Historiaurreko giza taldeen faunari, bizimoduei, antolamenduari eta abarrei buruz.

Arte-adierazpen horiek aztertzeko bi eskualde bereizten dira: eskualde franko kantabriarra eta Levanteko eskualdea.

Eskualde franko kantabriarra

  • Giza irudirik eza.
  • Irudi isolatuak eta desordenatuak, eszenarik osatu gabe.
  • Harriaren irregulartasunak erabiltzen ziren erliebe sentsazioa emateko.
  • Gaiak: animaliak.
  • Mugimendu sentsazioa.
Altamirako haitzuloa
Santimamiñeko haitzuloa
Ekaingo haitzuloa
El Castilloko haitzuloa

Levanteko eskualdea

  • Pintura kolorebakarrak.
  • Animaliak baino pertsona gehiago ageri dira.
  • Estilo eskematikoa eta narratiboa.
Levanteko artea

Arte higigarria

Arte higigarria: grabatuak
Arte higigarria: estatuatxoak

Arte higigarriari dagokionez, aipatzekoak dira harrian (errekarriak eta lauzak) egindako grabatuak eta, batez ere, hezur zatietan egindako grabatu apaingarriak. Beharbada, bestelako materialak erabiltzen zituzten ere arte higigarrirako, hala nola, zura, baina horiek ez dira orain arte iraun.


19

Egin ezazu horma-irudi bat Euskal Herriko Paleolitikoko artearen erakusgarri nagusiekin, eta horiek aurkitu diren aztarnategiekin.

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.