Hasiera Contacto Menua Edukia
3eso
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Mundu ekonomia gaur egun
Atala: Baliabide naturalen gaur egungo aprobetxamendua: lehenengo sektorea

Arrantza

Arrantzaren bidez, gizakiok kontsumitzeko espezieak ateratzen dira itsasotik eta ibaietatik. Tradizionalki kostaldean praktikatzen da oraindik ere, eta aurretik ikusi ditugun teknika errazetan oinarritzen da. Itsaso eta ibaietan aske hazi diren espezie akuatikoak harrapatzeari arrantza estraktiboa esaten zaio.

Arrantza estraktiboa kaletan kontzentratzen da. Kalak arrain-sardak biltzen diren tokiak dira, bai ur gezatan (arrantza kontinentala), bai ur gazitan (itsaso-arrantza). Ugarienak Ozeano Barean, Atlantikoaren iparraldean eta Afrikako mendebaldeko kostaldetan daude.

Asiako arrantza.
Arrantza sarez.

Arrantza motak metodoaren arabera:

Arrantza tradizionala:

Kroaziako arrantza.
Afrikako arrantza tradizionala.

Teknika tradizionalak erabiltzen ditu, herrialde azpigaratuetan praktikatzen da, eta gehiena, norberaren kontsumorako erabiltzen da; zati txiki bat komertziorako uzten da, baina ez da nahikoa izaten ekonomia mantentzeko ez eta hazteko ere. Ekonomia aberatsa eta garatua duten herrialdeetan, aldiz, luxuzko arrantzan baino ez da erabiltzen, otarraina hartzeko adibidez.

Arrantza industriala:

Herrialde garatuetako edo Lehen Munduko herrialdeen arrantza. Helburua arrain asko harrapatzea da. Gizakiak zuzenean kontsumitzeko, edo industriarako lehengaiak lortzeko harrapatzen dira aleak: kontserbak egiteko, izoztuak egiteko, koipeak lortzeko, arrain-irinak egiteko eta ongarriak lortzeko. Harrapaketa handitzeko, metodo eta teknika teknologikoak erabiltzen ditu, zenbaitetan itsaso-ekosisteman egin dezakeen kaltea kontuan hartu gabe.

Arrantza motak tokiaren arabera:

Itsasbazterreko arrantza:

Arrantza motak.

Gaur egun hariak eta sare sendoak erabiltzen dira. Lonjan saltzen da harrapatutakoa. Arazoak daude kostaldeko espezieak urritzen ari direlako.

Itsas zabaleko arrantza:

Itsasontzi handiak eta lana errazteko ekipamendu teknologiko aurreratuak dituzten talde komertzial indartsuen flota (itsasontzi multzoak) handiek praktikatzen dute. Radarrak eta sonarrak lagundu egiten dute arrain-sardak azkar eta eraginkortasunez aurkitzen. Gaur egun, gehienok, harrapatutakoaren zati bat izoztu egiten dute izozkailuetan; horrela, arrandegietan propietaterik galdu gabe bana dezakete. Esku-lan ugari behar da eta langileek hile asko ematen dituzte itsas zabalean.

Arrantza handia:

Badira beren herrialdeetatik oso urrutira joateko alde egiten duten flota handiak ere. Itsasontzi inudeak erabiltzen dituzte gainontzeko ontziek egunean harrapatzen dutena biltzeko. Itsasontzi horietan arraina klasifikatu egiten da gatzetan jartzeko, izozteko edo potetan sartzeko.

Arrantzarako teknika modernoak:

Arraste-arrantza:

Sare handiek itsaso-hondoan aurkitzen duten guztia jasotzen dute. Arrantza ugaria izan daiteke, baina oso kaltegarria suerta daiteke itsaso-hondorako landareak eta kontsumituko ez diren espezieak ere jasotzen direlako. Praktika horrek itsaso-hondoko habitata suntsitzen du, eta urteak behar dira lehenarazteko; gainera inoiz ez da aurrekoa bezain aberatsa izango biologikoki.

Deskarga elektrikoen bidez:

Arrain-sardak, deskarga elektrikoen bidez, xurgatuko diren gune batera eramaten dira.

Akuikultura:

Arraina ekoizteko metodo hau habitat kontinentalaren (kontinente barruan, laku eta ibaietan) edo itsasoko habitataren baldintzak erreproduzitzen ditu, normalean askeak diren espezieak hazteko.

Muskuiluak.
Bisigu.

Alde batetik, oso aspaldikoa den (Erromatarrek ere ezagutzen zuten) akuikultura estentsiboa dugu. Litoralaren gune zabaletan hazten aritzen da. Muskuiluak, almejak eta ostrak Kantauri kostaldeko produktu ospetsuak dira, Galiziakoak, batez ere; han kostaldeko paisaiaren parte dira.

Bestetik, akuikultura intentsiboa dugu, berriagoa dena. Arrainak putzu erraldoietan edo mugatutako kostaldetan loditu egiten dira. Elikatzeko berezia den pentsu bat ematen zaie. Arrain-irinez eginda dago eta beste enpresa batzuek saltzen dute. Gatibutzan errazen hazten diren ibai-espezieak amuarraina, izokina eta karpa dira. Itsasokoak, aldiz, erreboiloa, urraburua, lupia, bakailaoa eta aingira dira. Baita itsaskia ere, ganbak eta otarrainskak, adibidez.

Azken urteetan, aukekin ere aritzen dira. Gero eta elikagai preziatuagoa baitira.

Arraina kontsumitzeko eskaera herrialde askotan handitu denez, batez ere herrialde garatuetan, akuikultura zabaldu da merkatuan, eta egun, oso negozio errentagarria da.

16

Erantzun zure koadernoan

  • Arrandegira joaten zarenean apunta eta begira ezazu zein espezie saltzen den, nondik datorren eta arrantzatu diren ala akuikulturan hazi diren. Apunta itzazu lau espezie gutxienez.

Arrantza Iberiar Penintsulan

Espainiako flotaren nazioarteko kalak.

Iberiar Penintsularen litorala oso zabala denez, arrantza oso jarduera garrantzitsua da. Arrain flotak Europar Batasuneko eta nazioarteko kaletan lan egiten du; Atlantikoaren iparraldean eta Afrikako mendebaldeko kostaldean. Legatza, arrain urdina, atuna, sardinak eta antxoa harrapatzen dira.

Arrantza Euskal Herrian

Tradizio handiko jarduera da. Egun, euskal populazioaren % 38k praktikatzen du. Beste jarduera batzuekin alderatuz gero, ez da aberastasun gehien sortzen duena Euskal Autonomia Erkidegoan.

  • Jardueraren % 70 itsasbazterreko arrantza da, hurbileko kaletan egiten dena. Legatza, antxoa, hegaluzea eta bisigua harrapatzeko metodo tradizionalak erabiltzen dituzte. Aipatzekoak dira Bermeo, Getaria, Orio, Pasaia eta Donostiako kaiak.
  • % 17 itsas zabaleko arrantza da eta arrantzaleen % 25i ematen die lana. Itsasontziak handiagoak dira eta asteak ematen dituzte itsasoan (Iparraldeko itsasoan, Irlandan). Ondarroan eta Pasaian lehorreratzen dute harrapatutakoa.
  • Gainontzeko % 13a arrantza handia da eta arrantzaleen % 25en lanbidea da. Itsasontziak modernoak dira eta teknologia aurreratua dute. Norvegiako eta Ternuako kaletarantz abiatzen dira bakailaoa harrapatzera. Atlantikoan eta Indiakoan izozteko atuna harrapatzen da. Pasaia eta Bermeoko kaietan aurki dezakegu.

17

Ba al duzu arrain izozturik etxean?

  • Bila ezazu produktuaren inguruko informazioa bilgarrian. Idatz ezazu zein produktu mota den, nola harrapatu duten, aurretik izoztu den eta non harrapatu duten.

Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza.
18

Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren mapari begiratu eta adieraz itzazu honako hauek:

  • Merkatuan zerealak eta arroza saltzeagatik nabarmentzen diren herrialdeak.
  • Ardi eta behi-haragiaren merkatuan nabarmentzen diren herrialdeak.
  • Munduko merkatuan lehiatu ezin diren herrialdeak.
© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.