Hasiera Contacto Menua Edukia
3eso
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Estatuen antolamendu politikoa
Atala: Antolamendu politiko motak

Estatuaren botereak

NBEko banderak

Gizarteak oinarrizko gobernu mota jakin baten bidez antolatzen dira, eta horren arabera banatzen dituzte botereak eta hartzen dituzte erabakiak. Gobernu mota horri estatu deritzo. Unitate politiko independentea da estatua, eta bere lurralde-eremuko biztanle guztiengan du eragina. Estatuen artean mugak ezartzen dira, bakoitzaren geografia-eremua eta boterea noraino iristen diren argi bereizteko.

Estatu bakoitzeko kideen eskubideak eta betebeharrak legeek finkatzen dituzte. Legeek tokian tokiko biztanleen jarduerak arautzen dituzte, eta estatuaren mugetatik kanpo ez dute inolako eraginik.

Eusko Legebiltzarra
  • Botere legegilea: Legeak sortzea edo egitea legebiltzarraren zeregina da. Estatuko gizon-emakumeen ekintzak arautzeko legeak organo horrek sortzen ditu.
  • Botere betearazlea: gobernuaren erantzukizuna. Gobernuak legeak ezartzen ditu, eta estatuaren beharrei eta interesei erreparatuz jarduten du. Beste estatuekin nolako harremanak izan erabakitzen du, eta, haiekin diharduenean, lurralde-eskubideak dituen entitate gisa jarduten du.
  • Botere judiziala: Justizia-auzitegiek eta horien ordezkariek, epaileek, legeak betearazi eta interpretatu egiten dituzte, gatazkak konpontzeko edo zigor zuzentzaileak ezartzeko. Horrelako zigorrak legeak hausten direnean ezartzen dira. Behaketa-lana ere egiten dute, legea alor guztietan (hala nola, gizartean eta ekonomian) bete dadin. Bestalde, ordenari eta segurtasunari eusteko, poliziaren eta armadaren laguntza izaten dute.
2

Erantzun zure koadernoan

  • Bila ezazu aldizkarietan edo Interneten gobernuak ezarri nahi duen lege-proiekturen bat, Eusko Legebiltzarrean oraindik eztabaidatzeke dagoena. Adierazi zer helburu dituen lege horrek.
  • Sar zaitez Eusko Legebiltzarraren web-gunean eta ikusi azken gaiak, osoko bilkuran eztabaidatutakoak eta lege-proiektuak. Atal horietan, beharrezko informazioa lortuko duzu.
3

Erantzun zure koadernoan

  • Izenda itzazu estatuen oinarrizko hiru botereak eta adierazi zein den bakoitzaren funtzioa.

Estatu-administrazioa

Estatuak, boterea gauzatzeko, hainbat eratako instituzioak eta erakundeak sortzen ditu, eta honako funtzio hauek izaten dituzte:

  • Zergak biltzea: Zergen bidez eskuratutako fondoez baliatuta, zerbitzu publikoak ordaintzen eta biztanleriak behar dituen azpiegiturak eraikitzen ditu estatuak. Horren adibideak ditugu, besteak beste, gizarte-segurantza, hezkuntza eta errepideen eraikuntza.
  • Ekonomia bideratzea: enpresa- eta lan-jarduerak arautuz.
  • Justizia banatzea: legea betearaziz eta betearazpen horren ondoriozko gestioak gauzatuz (jakinarazpenak, epaiak etab.).

Administrazioko langileak funtzionarioak dira, eta oposaketak (azterketak) egin behar izaten dituzte lanpostuetan aritzeko gai direla egiaztatzeko. Funtzionarioen gainetik, gobernuak sortutako kargu politikoak daude, eta horietarako konfiantzazko jendea izendatzen dute, zeregin jakin batzuk gauza ditzaten. Unean uneko karguak izaten dira, aldakorrak, egoera politikoaren araberakoak.

4

Erantzun zure koadernoan

  • Administrazioaren eginkizunak gogoan izanik, aipa itzazu karrerako edo bitarteko funtzionarioen sei funtzio gutxienez.
© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.