Hasiera Contacto Menua Edukia
3eso
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Estatuen antolamendu politikoa
Atala: Antolamendu politiko motak

Estatu motak

Estatuko agintari gorena nor den kontuan hartuta, honako bereizketa hau egiten da:

Moneta
  • Monarkia: Estatu-burua erregea da. Kargu hori oinordetzan eskuratzen da, belaunaldiz belaunaldi, jaraunspen-eskubidearen bidez. Iraganean ez bezala, Europako monarkiek jadanik ez dute botere absoluturik, eta, estatuen ordezkari gorenak diren arren, erabakiak hartzeko eskumena biztanleek aukeratutako gobernuaren esku uzten dute. Gobernuak legebiltzarrean eztabaidatzen eta sortzen ditu legeak, eta horregatik deitzen zaio, hain zuzen, monarkia parlamentarioa.
  • Errepublika: Estatu-burua lehendakaria da. Kargu hori hauteskunde bidez eskuratzen da, aurkeztutako hautagai-zerrenden artean hiritarren boto-gehiengoa lortu ondoren. Lehen, estatu horietan ere monarkia zen nagusi, baina une jakin batean sortutako gizarte- eta politika-mugimenduen ondorioz, ezarritako ordena errotik eraldatu zen. Mugimendu horietako batzuk matxinada odoltsuak izan dira, adibidez, Frantziako iraultza.

Gobernatzeko moduaren edo botere legegilearen eta betearazlearen arteko harreman moten arabera, honako sailkapen hau egiten da:

  • Estatu parlamentarioa: Botere betearazlea bi instituzioren artean banatzen da.
    1. Horietako bat estatu-burua da, oro har botere mugatuak dituen erregea edo erregina. Zenbaitetan, herrialde-ordezkaritzari lotutako boterea besterik ez du izaten. Litekeena da, gainera, errege-erregina konstituzioaren esanera edo mende egotea. Horrelako gobernu moduak monarkia konstituzionalak dira.
    2. Bigarrena gobernuko lehendakaria da. Botere betearazlea duela, legebiltzarraren aginduetara jarduten du gobernatzeko zereginetan. Izan ere, legebiltzarrarekin oso harreman estua izaten du. Lehendakaria legebiltzarrak aukeratzen du. Europako monarkia parlamentarioak honako hauek dira: Erresuma Batua, Belgika, Herbehereak, Suedia eta Espainia.
  • Estatu presidentzialak: Gobernu-buru bakarra lehendakaria edo presidentea izaten da, eta gobernu mota, berriz, errepublika. Hautesleek zuzenean aukeratzen dute lehendakaria, eta lehen ministroaren laguntzaz gobernatzen du. Frantzia, Italia eta Austria errepublika parlamentarioak dira.

Boterea banatzeko moduaren arabera, honako bereizketa hau egiten da:

  • Estatu zentralistak: Erabaki gehienak gobernu zentralak hartzen ditu, eta eragin berbera izaten dute lurralde guztietan. Estatuak hainbat atal izaten ditu (probintziak, eskualdeak edo departamentuak), eta atal guztietako agintariek gobernu bakarraren erabakiak berdin-berdin aplikatzen dituzte. Agintari horien eskumenak (gobernuak eskuordetutako erabakiak eta jarduerak) urriak izaten dira. Frantzia eta Polonia estatu zentralistak dira.
  • Estatu deszentralizatuak: Estatuko lurraldeek eta gobernu nagusiak boterea partekatzen dute. Tokian tokiko eskualdeko edo komunitateko ezaugarrien arabera, lurraldeei zeregin edo eskumen asko eskuordetzen zaizkie. Zona bakoitzak bere administrazioa du, eta administrazioko kideak biztanleek zuzenean aukeratzen dituzte. Alemania, lander izeneko eremu federatuetan banatua, estatu deszentralizatua da.

Ekonomia-sistemaren arabera, honako bereizketa hau egiten da:

  • Estatu liberala: Estatuak ez du esku hartzen enpresa eta erakundeen ekonomia-jardueretan, ezta gizarte-harremanetan ere. Gobernatzeko modu horren filosofiak oinarri jakin bat du: ekonomiak bere burua berez arautzeko gai dela sinesten du bete-betean. Ildo horretan, ekonomiaren arauak merkatuak finkatzen ditu, hau da, eskariaren eta eskaintzaren legeak. Ekonomia-mugimenduak askatasun osoz gauzatzen direnez, aberastasuna eta lana sortzen dira.
  • Estatu soziala: Estatuak esku hartzen du, bere hiritarrak ekonomia liberalen ondorioetatik babesteko, gizartean desorekarik edo bidegabekeriarik sor ez dadin. Gizartea babesteko moduak ugariak dira: gizarte-pentsioak, langabezia-laguntzak, gutxieneko soldata, osasun publikoa, derrigorrezko hezkuntza...
5

Erantzun zure koadernoan

Estatu motak sailkatzeko irizpideak kontuan hartuz, adieraz eta deskriba ezazu zer gobernu mota duten honako herrialde hauetan:

  • Ameriketako Estatu Batuetan.

  • Japonian.

  • Saudi Arabiako erresuman (Saudi Arabian).

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.