Hasiera Contacto Menua Edukia
3eso
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Munduko desorekak
Atala: Inmigrazioaren fenomenoa

Munduko migrazio-mugimenduak

Mundu-garapenean egun nagusi diren ekonomia-desoreken ondorioz, demografia-hazkunde handia eta gabezia larriak dituzten herrialdeetako biztanle askok emigratu egiten dute.

Bizimodu hobea eta erabateko garapena lortzeko itxaropenaz uzten dute sorterria. Atzerrira joatea erabakitzen dute, komunikabideek estatu aberatsetako ongizatearen eta segurtasunaren berri ematen dietelako edo gerren, gatazka armatuen eta diktadura-gobernuen mende daudelako. 2005ean, 190 milioi lagunek emigratu zuten kanpoko herrialdeetara.

Migrazio-mugimenduak 1990etik aurrera

Emigratzaile gehienek Asiako, Afrikako eta Latinoamerikako herrialde pobreetatik egiten dute alde. Gizonezko eta emakumezko emigratzaileen kopuruak antzekoak dira. Asko, gainera, errefuxiatuak dira. Toki batzuetan, herrialde garatuak eta garapen-bidekoak bertatik bertara daudenez, aberastasun-desberdintasunak zeharo nabarmenak dira. Horren adibideak ditugu, besteak beste, Estatu Batuak eta Mexiko eta Magreb eta Europako hegoaldea.

Gehienbat gazteek emigratzen dutenez, jatorrizko herrialdeetako biztanleriaren batez besteko adinak gora egiten du. Herrialde hartzaileetako biztanleriaren batez besteko adina, aldiz, murriztu egiten da inmigrazioari esker, eta lanpostu hutsak betetzea lortzen dute, oro har espezializaziorik gabeko lan-eskuaren bidez.

Bestalde, inmigratzaileek dirua bidaltzen dute jatorrizko herrialdera, etxekoak mantentzeko. Diru horri esker, garatzeko eta modernizatzeko aukerak sortzen dira herrialdean, eta etsipena murriztu egiten da gizartean.

17

Erantzun zure koadernoan

  • Egin ezazu Europako inmigratzaileen jatorrizko herrialdeen zerrenda.
18

Erantzun zure koadernoan

  • Inmigratzaileen jatorrizko zenbat herrialde daude murgilduta gatazka armatu luze eta korapilatsuetan?

Inmigrazioaren gizarte-ondorioak

Herrialde hartzaileetara kultura eta etnia ugaritako etorkinak iristen dira, eta, askotan, oso ohitura desberdinak izaten dituzte. Horren guztiaren ondorio kultura-aniztasuna da, esperientzia aberasgarria gizartearentzat.

Esanak esan, kulturen arteko desberdintasunen ondorioz arrazakeria- edo segregazio-arazoak ere sortzen dira zenbaitetan. Herrialde pobreetako etorkinenganako beldurrari, ezinikusiari edo mesprezuari xenofobia esaten zaio. Beste hizkuntza, janzkera edo ohitura batzuk dituztenez, etorkin iritsi berriei batzuetan kostatu egiten zaie gizartearen onespena lortzea. Hainbat estatu aberatsek iritzi publikoari amore eman eta inmigratzaileen sarrera mugatu egin dutenez, sarbide ilegalak hasi dira hedatzen. Mafiak aberasten ari dira inmigratzaileen kontura, modu ilegalean sartzen baitituzte diru baten truke. Gainera, inmigratzaileen egoera erregularizatzea ez da zeregin erraza, eta eskrupulurik gabeko enpresariek, horretaz baliatuz, oso lan-baldintza gogorretan aritzeko kontratatzen dituzte atzerritarrak.

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.