Hasiera Contacto Menua Edukia
3eso
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Ongizate gizartea eta ingurumena

Bukatu aurretik

Gizakien ekonomia-jarduera bizien ondorioz, Lurreko ingurumen-arazoak oso larriak dira egun: adibidez, atmosferaren eta uren kutsadura, desertizazioa eta deforestazioa. Ondorioz, planetako biodibertsitatea galtzen ari da eta espezieak desagertzen ari dira.

Bestalde, merkatuko produktu-aniztasun izugarriaren ondorioz sortzen diren hondakin guztiak birziklatzea edo berreskuratzea ez da erraza. Gainera, Hiri Hondakin Solidoak (HHS) kudeatzeko prozesuan zehar ere natura- eta energia-baliabide ugari kontsumitzen dira.

Giza kontsumoa naturarentzat hain kaltegarria izan ez dadin, kontsumo-ohitura eta -jarrera arduratsuak hartu behar ditugu ezinbestez, gure zaborren inpaktua murrizteko.

Nazioartean, bestalde, natura-erreserbak desagertzeko arrisku-indize kezkagarriak kontuan hartuta, estatuek nazioarteko tratatuak sinatu behar izan dituzte, elkarlanean aritzeko eta beren ekonomia-jardueren ondorio negatiboak murrizteko. Asmoak asmo, herrialdeak beti ez dira ados jartzen, eta batzuei akordioak ez zaizkie beharrezkoak iruditzen. Horixe gertatu da, adibidez, Kiotoko Protokoloan atmosfera-isurpenak murrizteko proposatu ziren neurriekin.

Toki mailan, masa-kontsumoak ingurunean eragiten dituen ondorio negatiboak agerikoak dira. Kontsumo arduratsuan oinarritutako jokabideak hainbat alorretan gauza ditzakegu: adibidez, zerbait erosi aurretik, etiketa aztertuz. Era horretako beste jardunbide bat turismo arduratsua da.

Energia-aurrezpena eta -eraginkortasuna ere konponbideak dira, gizartearen etorkizuna ziurtatzeko, eta gure bizitzaren esparru guztietan dute eragina. Bide hori urratuz gero, ingurumena hobetzen laguntzeaz gain, gure bizi kalitatea handitzea lortuko dugu, tresna egokiak erabiliz, eta dirua aurreztuz.

Natura-ingurunea gure etorkizuna da. Hori gogoan izanik, Lurreko habitaten narriadura nolabait geldiarazteko nahiak eraginda, hainbat ekimen jarri dira abian: esate baterako, produktu ekologikoak kaleratzea. Gainera, nazioarteko erakundeek (hala nola, Nazio Batuek), nazioz gaindikoek (adibidez, Europar Batasunak) eta hainbat herritar-erakundek gure planetaren egoerari buruzko xehetasunen eta arriskuen berri eman ohi diote biztanleriari. Aipatutako informazioari erreparatuz, erabakiak hartzen eta etorkizunerako proiektuak garatzen dira.

Ideia nagusiak:

  1. Giza jarduerek, batik bat ekonomia-sektoreetakoek, ondorio negatiboak eragiten dituzte ingurumenean: adibidez, atmosferaren kutsadura, uraren narriadura, desertizazioa edo deforestazioa.
  2. Gure gizarteak neurriz kanpoko kontsumoa du ezaugarri, eta ez da erraza sortutako hondakin guztiak berroneratzea. Hondakin horiek narriatu egiten dira, eta tokian tokiko natura-gunea kutsatu egiten dute.
  3. Hiri Hondakin Solidoen tratamenduan ere natura-baliabideak kontsumitzen dira. Horregatik, zaborrak eskuz banatzea (ekintza erraz askoa) oso baliagarria da, baliabide asko aurrezteaz gain, gure planetari arnasa hartzen laguntzen diogulako.
  4. Kutsadurak eta hondakinek natura-habitatak narriatu egiten dituzte, eta horren ondorioa biodibertsitatearen galera izaten da.
  5. Ekonomia-ekoizpenek lehengaiak oso azkar kontsumitzen dituzte; natura-inguruneak, aldiz, denbora luzea behar izaten du berroneratzeko. Ondorioz, natura-erreserbak agortu egiten dira, egoera itzulezinak sortuz.
  6. Etorkizunerako konponbide bakarra hauxe da: natura-baliabideen garapen iraunkorra edo kontsumo orekatua, maila guztietan.
  7. Nahitaezkoa da enpresa eta kontsumitzaileek jarrera arduratsuak hartzea ondasunak eta energia kontsumitzerakoan.
  8. Ingurumen-arazoak konpontzeko ekimenak eta proposamenak egon badaude, eta sustatu egin behar dira.
  9. Estatuek ingurumena babesteko politikak bultzatzen dituzte, nazioarteko nahiz nazio mailako akordioen bidez, eta hori ona da planetarentzat.
  10. Tokiko ikuspegitik, guk geuk ere asko egin dezakegu ingurumenaren alde, eguneroko bizitzan jarraibide erraz batzuk betez.

Mapa kontzeptuala

Ikasitakoa egiaztatzen dut


Gehiago jakiteko

Artikulu interesgarriak

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.