Hasiera Contacto Menua Edukia
3eso
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Ongizate gizartea eta ingurumena
Atala: Kontsumo iraunkorra

Kontsumo iraunkorra

Garagardoa

Herrialde aberatsetako turistek, oro har mendebaldekoek, beren balioak eta kontsumo-ohiturak mundu osoan hedatu dituzte. Horrela, urrutiko txokorik bitxienean ere gure haginetako pastarik gogokoena aurkituko dugu hotelaren ondoko denda batean edo, basamortu erdian egon arren, golfean jokatzeko aukera izango dugu.

Turismoa ekonomia-eragile garrantzitsua da garapen-bidean dauden herrialdeentzat. Horregatik, turisten ohiturekin bat datozen azpiegiturak eraikitzen dituzte, nahiz eta natura-baliabideak urriak izan, diru-iturri bikainak direlako tokiko gizartearentzat. Turismoaren ondorioz, oro har, ur-kontsumoa eta hondakin bolumena handitu eta paisaiak errotik eraldatzen dira.

Nazioarteko turismoaren ibilbideak 2005ean (zenbat milioi turista)

Turismoari lotutako ekonomia-etekinak eta tokian tokiko gizartearen natura-baliabideak egoki uztartzeko konponbidea turismo arduratsua da. Bidaiariek ez ezik, eskaintzak egiten dituztenek, herri-administrazioek eta enpresek ere zentzuz jokatu behar dute. Azken horiek turismoaren eragin kaltegarriak murrizteko neurriak hartu behar dituzte.

Turismo arduratsuari buruzko aholkuak:

Zarautz

Turista arduratsuak zentzuz jokatzen du, bere ekintzez jabetzen dela. Bidaiaz bete-betean gozatzen saiatzen da, baina inolako arrasto txarrik utzi gabe.

  1. Ez jaurti zaborrik! Natura-inguruneak isurpen kontrolatugabeen ondorioak jasaten ditu, eta, gainera, deskonposizio-prozesuan zehar gai kutsatzaileak askatzen dira. Kalean edo gune berdeetan zaudenean zigarro-mutxikina edo txikle bat lurrera jaurtitzea beharbada ez zaizu irudituko halako ekintza kaltegarria, baina ingurunea zikindu eta hondatu egiten da.
  2. Bainatzen zarenean, ez eman bost minutu baino gehiago. Erabil ezazu dutxa, eta ez bainuontzia. Bainuaren iraupena 10 minututik 5era murrizten baduzu, 20.000-70.000 litro ur aurreztuko dituzu urteko. Eta xaboia ematen ari zarenean txorrota itxiz gero, 55.000 litro aurrez ditzakezu.
  3. Ahal duzunean, aurreztu ura. Udako turismo-guneetan ur-gabeziak ohikoak izaten dira, eta mantentze-lanak garestiak. Haginak garbitzerakoan, pasta ematen ari zarela, itxi txorrota. Ez jaurti zaborrik komunontzira, zakarrontzia balitz bezala.
  4. Aurreztu energia. Argi- eta elektrizitate-gastuak oporretako prezioan sartuta egon arren, ez itzazu erabili neurririk gabe. Gogoan izan elektrizitatea lortzeko, batzuetan, erregaiak erretzen direla edo energia nuklearra erabiltzen dela. Helburua ez da ekoizpen-bide horiek handitzea, murriztea baizik.
  5. Zure behin-behineko bizileku horretako natura-habitata zaindu egin behar duzu. Adibidez, landan zehar paseatzen ari zarenean, saia zatez zarata ozenegirik ez ateratzen; bestela, inguruko hegaztiak uxatu egingo dituzu.
  6. Molda zaitez tokian tokiko ohituretara. Herri-jakinduriak beti daki beharrezko guztia nola eskuratu, inguruneari kalte handirik egin gabe. Erabili garraio publikoa eta erosi denda txikietan.
13

Erantzun zure koadernoan:

  • Aipa itzazu turismo-guneetan kontuan hartu beharko liratekeen arau gehiago. Nahi baduzu, zeure esperientzian oinarri zaitezke.
© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.