Hasiera Contacto Menua Edukia
3eso
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Munduko desorekak

Aurkezpena

Non jaiotzen garen, garapen pertsonalaren bidea urratzeko aukera izango dugu ala ez. Zoritxarrez, herrialde pobre batean jaioz gero, goseak joko gaitu, ez dugu gustuko lanik aurkitzerik izango edo berrogei urte bete aurretik hilko gara. Horrelakoa da egungo mundua. Irati herrialde garatu batean jaio da: goizero, gosaltzeko laranja-zukua eta tostadak hartu, dutxatu eta ingeniaritza (etorkizun handiko alorra) ikastera abiatzen da. Fahima herrialde pobre batean jaio da: goizero, aitari eta anai-arrebei gosaria prestatu, amari etxeko lanak egiten lagundu eta hainbat kilometroko ibilaldia egiten du ur bila. Denbora duenean, irakurtzen eta idazten ikasten du.

Gure bizimoduaren ondorioak, hemengo gizartean ez ezik, urrunagoko beste batzuetan ere nabaritzen dira. Munduko ekonomia-mugimenduei eta gure gizartearen eta gainerakoen arteko elkarreraginei jaramonik ez eginez gero, munduko gizarte-desorekak eta -bidegabekeriak are gehiago larrituko dira. Munduko arazoak konpontzeko proposamenak egin dira, eta horiek mamitzea Lehen Munduko biztanleon esku dago.

Helburu didaktikoak

  1. Hirugarren Munduko herrialdeen azpigarapenaren arrazoiak ezagutzea eta arrazoi horien eta ekonomia-jardueren arteko loturez jabetzea.
  2. Munduko potentzia handien eta garapen-bidean dauden herrialdeen arteko desberdintasunak aurkitzea eta sailkatzea.
  3. Kapitalismoari edo lehia askeari lotutako jardunbideak aztertzea eta jardunbide horien eta munduko egungo ekonomia-egoeraren arteko loturak bilatzea.
  4. Gizarte-berdintasunaren eta -justiziaren alde diharduten munduko erakunde eta elkarteak ezagutzea eta jatorriaren arabera sailkatzea: gobernuek sortutakoak, batetik; ekimen zibilen ondorioz eratutakoak, bestetik.
  5. Munduko ekonomiarik indartsuenen eta ahulenen ezaugarri nagusiak bereiztea.
  6. Globalizazioa munduan eragiten ari den ondorio negatiboak eta positiboak ezagutzea.
  7. Adierazle eta neurri jakin batzuetan (barne-produktu gordinean, giza garapenaren indizean...) oinarrituz, munduko eskualdeak bereiztea eta handienetik txikienera sailkatzea.
  8. Gobernuen konpromisoak eta inplikazio maila ezagutzea, munduko giza garapenaren oreka lortzeko ahaleginei dagokienez.
  9. Beste herrialde edo toki batzuetara emigratzeko ohiko arrazoiak ulertzea.
  10. Giza eskubideak eta estatuen betebeharrak (eskubideei eustearekin zerikusia dutenak) ezagutzea.
  11. Giza eskubideekiko errespetua eta elkartasuna oinarri hartuta, beste kulturak gizarteratzearen eta babestearen garrantziaz jabetzea.

Edukiak

Eduki kontzeptualak:

  • Herrialdeen garapen mailen arteko aldeak.
    • Azpigarapena.
    • Edateko uraren eskuragarritasuna.
    • Garapen-politikak eta -laguntzak.
    • Kanpo-zorra.
    • Mundu-garapenaren aldeko nazioarteko erakundeak.
  • Munduko potentziak.
    • Ameriketako Estatu Batuak (AEB).
    • Japonia.
    • Errusia eta EIE.
    • Txina.
    • Australia.
    • Zeelanda Berria.
  • Mendekotasun-egoeran dauden herrialdeak.
    • Globalizazioa.
    • Desberdintasun-adierazleak (GGI, NPG eta pertsonako kaloria-kontsumoa).
    • Nazioarteko gailurrak eta konferentziak.
  • Immigrazioaren fenomenoa.
    • Migrazio-mugimenduak.
    • Immigrazioaren gizarte-ondorioak.
    • Migrazioa Europan (Espainian eta Euskal Herrian)

Prozedurako edukiak

  • Mapa eta grafikoetako informazioa interpretatzea eta lotzea, azalpen-hipotesiak egiteko.
  • Gizartean bidegabekeria-egoerak sorrarazten dituzten politikei eta ekonomia-jarduerei buruzko kazetaritza-testuak interpretatzea eta aztertzea.
  • Munduko geografia-eremu azpigaratuak bereiztea eta deskribatzea, datuak eta estatistikak interpretatuz.
  • Nazioarteko erakundeen (adibidez, UNESCOren) azterlanei eta ondorioei buruzko laburpenak, azterlanak edo ikerketak antolatzea eta egitea.
  • Munduko toki jakin bateko teknologia-aurrerapenen, kulturaren eta ekonomia-sistema liberalaren arteko elkarreraginak aztertzea, eta horiek guztiak norberaren toki-eremukoekin lotzea.
  • Herrialde aberatsen eta herrialde pobreetako desberdintasun-egoeren arteko loturari buruzko mapa kontzeptuala egitea, baliabide naturalei eta egoera politikoari erreparatuz.
  • Globalizazioaren arrazoi, ekintza eta ondorioei buruzko laburpen-taula egitea.
  • Estatu baten ezaugarriak bereiztea eta bertako ekonomiaren, biztanleriaren, zerbitzuen eta kulturaren nondik norakoak aztertzea.
  • Munduko erakundeek eta gobernurik boteretsuenek hartutako konpromisoak eta etorkizunean mundu-ongizatea bermatzeko egindako apustuak aztertzea.
  • Proposatutako egoeren (benetakoen nahiz asmatutakoen) aldeko edo kontrako iritziak eta argudioak ematea.

Jarrera edukiak

  • Gizakiak ingurune egokian hazteko eskubidea duela jakitea. Horrela, gaitasun fisikoak eta psikikoak gara ditzake, bere ingurunean giza eskubideak errespetatzen badira.
  • Munduko egungo arazoez kezkatzea. Ildo horretan, egoera txarrean dauden taldeei, diskriminazio-egoerei, lan-merkatuari, indarkeriari, genero-indarkeriari... erreparatzea.
  • Herrialde batzuek beste batzuetan sorrarazten dituzten mendekotasun-harremanekiko jarrera kritikoa izatea, harreman horien iturburuak mundu-merkatuko ekonomia-jarduerak direla kontuan hartuta.
  • Beste kulturak baloratzea eta errespetatzea, eta eskubide indibidualak eta kolektiboak onartzea.
  • Indarkeria- edo pobrezia-egoeren aldeko elkartasunezko jarrera izatea.
  • Gizarteko desberdintasun- eta bidegabekeria-egoerei aurre egiteko eta elkarlanean aritzeko gogoa eta jarrera izatea.
  • Emakumeak gizarte-alor guztietan eta produkzio-prozesuaren urrats guztietan parte hartzearen garrantzia baloratzea eta diskriminazio mota oro arbuiatzea.
  • Besteen ikuspegiak errespetatzea eta iritziak enpatiaz hartzea.

Ebaluazio irizpideak

  1. Lurraldeen arteko desberdintasun eta harreman nagusiak ezagutzea eta deskribatzea.
  2. Eskualdeen eta lurralde-eremuen arteko desberdintasunak sorrarazten dituzten faktore fisikoak eta ekonomia-, demografia-, kultura- eta politika-faktoreak deskribatzea eta azaltzea.
  3. Gizarte- eta ekonomia-adierazleez baliatuta, herrialde eta lurraldeen ezaugarriak aztertzea, lurraldeen arteko baliabide-banaketan nolako desorekak dauden jakitea eta aipatutako desberdintasunez arduratzea.
  4. Gizarte- eta ekonomia-informazioa biltzea eta ulertzea eta zenbakizko datuak (taulak, grafikoak, estatistikak, etab.) ematea, munduko geografia-eremuak deskribatzeko eta herrialdeen arteko ekonomia-desberdintasunak azaltzeko.
  5. Lortutako datuak interpretatzea eta ondorioak ateratzea, argudio eta guzti.
  6. Lortutako datuak erabiliz, eremuen eta herrialdeen arteko garapen mailak bereiztea.
  7. Txostenak, konparazio-koadroak, taulak eta mapak egitea, aurkitutako desberdintasunen ondorio batzuk azaltzeko, mendekotasun-harremanei erreparatuz batik bat. Desberdintasunen kontrako jarrera izatea.
  8. Egungo gizarte- eta ekonomia-gatazka batzuk ezagutzea eta arrazoiei eta aukerako konponbideei buruzko hipotesiak egitea, elkarrekiko ekonomia-mendekotasunaren ikuspegitik.
  9. Kazetaritza-testu errazei buruzko iruzkinak egitea, hiztegi egokia erabiliz eta informazioa zuzen ulertuz eta antolatuz.
  10. Datu garrantzitsuak biltzea eta jasotzea, hainbat informazio-iturritan edo landa-lanean oinarrituz.
  11. Norberaren esperientziatik abiatuz, munduan nagusi diren desorekek eragindako egoerak eta ondorioak (gerrak, immigrazioa, produktuen prezioak, lan-arloko neurrigabekeriak, etab.) aztertzea.
  12. Norberaren gizarte-inguruneko desberdintasunak aurkitzea eta aztertzea, eta globalizazioarekiko loturak finkatzea.
  13. Norberak lortutako datuak idaztea, egoki antolatutako eskema baten arabera.
  14. Sarean informazioa bilatzeko tresnak (bilatzaile espezializatuak eta orokorrak) behar bezala erabiltzea.
© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.