Hasiera Contacto Menua Edukia
3eso
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Munduko desorekak
Atala: Herrialdeetako garapen arteko aldeak

Nazioarteko erakundeak

Munduko Merkataritza Antolakundea (MMA)

Kideek sinatutako merkataritza-akordioak behatzen ditu. 153 estatu kide inguru ditu. Herrialde askoren arteko merkataritza-negoziazioak (akordioa aldeaniztunak) eta estatuen arteko gatazkak bideratzen ditu. Lotura estuak ditu Mundu Bankuarekin eta Nazioarteko Moneta Funtsarekin. Munduko politika eta merkataritza egoki uztartzea du helburu. Gobernuek muga-zergak murrizteko edo beste ekonomia batzuetan askatasunez jarduteko eskariak egin ohi diote MMAri.

* Pobreziaren kontrako eta hirugarren munduko herrialdeetako garapenaren aldeko erakunde batzuek erabaki partzialak hartzea eta herrialde pobreak bigarren mailan uztea leporatzen diote MMAri. Antolakundearen kontrako kritiken ardatz nagusiak hauexek dira: gardentasunik eza eta nazioarteko potentzia handiei txikiak presionatzen uztea. MMAk bilerak egiten dituenean, GKE-ek, globalizazioaren aurkako erakundeek eta ekimen zibilek protesta-ekintzak eta manifestazioak antolatzen dituzte.

Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea (FAO)

Desnutrizioak jotako biztanle portzentajea 2004an

NBE-en baitan sortutako nazioarteko erakundea, gosearen kontrako ekintzak bideratzen dituena. Azterlan ugari egiten eta ekintza neutroak abiarazten ditu, herrialdeetako garapen-proiektuak sustatzeko. Horrela, adibidez, nekazaritza-, basogintza- eta arrantza-jarduerak hobetzen saiatzen da. Landa-eremuei bereziki erreparatzen die, munduko pobrezia-gune nagusiak baitira.

Ahaleginak ahalegin, hazkunde-bidean dauden herrialdeek eta pobreziaren kontrako erakundeek kritikatu egiten dute. Gosearen kontrako borrokan ezer ere ez lortzea eta burokraten egituran dirutza handiak xahutzea leporatzen dizkiote.

4

Mapan ageri denaren arabera, lotu ezazu munduko desberdintasunekin:

  • Aurki itzazu desnutrizio-gune nagusiak.
  • Deskriba itzazu desnutrizioaren mende dauden herrialdeen ezaugarriak.

Osasunaren Mundu Erakundea (OME)

Nazio Batuen (NBen) erakundea, 1948an sortua munduan osasun-alorreko prebentzioaren eta sustapenaren alde jarduteko. Osasun-alorreko gai politikoei buruzko erabakiak hartzen ditu. OMEren definizioaren arabera, osasuna ez da gaixotasunik eza soilik, "erabateko ongizate fisiko, mentala eta soziala" baizik. 2009an, Nazioarteko Lankidetzaren Asturiasko Printzea saria irabazi zuen.

Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea (UNESCO)

NBE-ek sustatutako erakundea. Munduko bakearen eta segurtasunaren alde egiten du, eta kultura, zientzia, hezkuntza eta komunikazioak babesten ditu. Ildo horretan, tokian tokiko aberastasunak eraginkortasun handiagoz kudeatzeko orientabideak ematen dizkie herriei, kultura-nortasuna alde batera utzi gabe. Alfabetatze-lana egiteaz gain, hezkuntza-argitalpenak eta -programak kaleratzen ditu, irakasleei laguntzeko. Kulturaren babesari dagokionez, kultura-ondarea, prentsa-askatasuna eta pluralismoa aldarrikatzen ditu.


5

Idatzi zeure koadernoan:

  • Begira ezazu Interneten edo egunkari eta aldizkarietan eta aipa itzazu UNESCOk gizadiaren ondare izendatu dituen Euskal Herriko bi ondasun.

Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsa (UNICEF):

Nazio Batuen Biltzarrak sortu zuen Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Europako haurrei laguntzeko. Denboraren poderioz, nazioarteko erakunde bihurtu zen, eta, orain, mundu osoko haurren eskubideak defendatzen ditu. 1965ean, Bakearen Nobel saria eman zioten.

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.