|
Gaia: Gure planeta
Aurkezpena
Lehen Hezkuntzan Lurrarekin eta Ilargiarekin, urtaroekin... lotutako gaiak ikasiko zenituen ziurrenik eta, lurrazaleko hainbat tokitako mendiak, haranak, etab. irudikatzen dituzten mapekin lan egingo zenuen. Beste mapa batzuek estatuen eta probintzien banaketa irudikatzen zuten.
Ikasgai honetan, berrartuko ditugu gai horiek eta baita horietan sakondu ere. Unibertsoari buruz, eguzki-sistemari buruz, planetei eta argizagiei buruz hitz egingo dugu eta gizakiok nola aurkitu eta aztertu ditugun ikusi ere. Geroago lurraren mugimenduak eta beren ondorioez arituko gara, eta azkenik Lur planetaren irudikapenen gainean lan egitea ahalbidetuko diguten tresnak emango dizkizugu: proiekzioak, kokatzeko eta orientatzeko sistemak, eskalak, zeinu konbentzionalak, horien artean azpimarragarriak diren sestra-kurbak, mapa motak... Aipatu beharreko prozeduren artean honako hauek ditugu: atlasarekin lanean aritzeko, mapen iruzkinak eta laburpenak egiteko eredua.
Helburu didaktikoak
- Unibertsoan eta eguzki sisteman dauden argizagiak ezagutzea
- Eguzki Sistemako planetak eta haien ezaugarriak identifikatzea. Hori lortzeko planeten jatorriaren gainean dugun jakin-mina adierazi eta informazioa zenbait iturritatik jaso eta laburtuko dugu.
- Lurraren ezaugarri nagusiak ezagutzea.
- Lurraren mugimenduak eta horien ondorioak ezagutzea.
- Dauden mapa motak ezagutzea, airetik ateratako argazkiak interpretatzea eta iruzkinak egitea, betiere horrelakoetan islatzen diren ezaugarriak kontuan harturik (proiekzioa, koordenatu-sistema, eskala, zeinu konbentzionalak...) zehatz eta objetiboki.
- Mapa fisikoetan sestra-kurbak interpretatzea eta horietan oinarrituta, profil topografikoak egitea.
- Atlasarekin lanean aritzea: puntu eta gune geografikoak kokatzeko eta gai monografikoen gaineko informazioa lortzeko.
Edukiak
Eduki kontzeptualak
Lurra, Eguzki sistemako planeta
- Unibertsoa eta horren sorrera. Galaxiak, izarrak eta konstelazioak.
- Eguzki Sistema.
- Unibertsoa ikertzea.
Lurraren mugimenduak eta beren ondorioak
- Errotazio-mugimendua: egunak eta gauak.
- Translazio-mugimendua: urtaroak.
Lurraren irudikapena. Mapak eta irudiak
- Lur-esfera eta mapak.
- Proiekzioak.
- Koordenatuak: meridianoak eta paraleloak. Puntu kardinalak.
- Eskala.
- Erliebearen irudikapena: sestra-kurbak eta profil topografikoak.
- Zeinu konbentzionalak.
- Airetik ateratako argazkiak.
- Mapa motak.
Prozedurarako edukiak
- Unibertsoa, Lurra eta horren mugimenduei buruzko galderak, zalantzak eta hipotesiak formulatzea.
- Informazioa hainbat iturritatik lortzea.
- Distantzia, ordutegi, eskala eta abarren inguruko kalkulu errazak egitea.
- Lur-esfera eta mapetan puntu batzuk kokatzea.
- Mapa eta airetik ateratako argazkien iruzkinak eta interpretazioa egitea.
- Sestra-kurben mapak oinarri direla profil topografikoak egitea
- Atlasarekin lanean aritzea.
- Lortutako informazioarekin laburpenak egitea.
Jarrera edukiak
- Unibertsoa, Eguzki Sistema eta Lurra zein horren irudikapena ikasteko interesa eta jakin-mina.
- Mapak irudikatu eta interpretatzeko orduan zehaztasuna eta objetibotasuna.
- Unibertsoa eta Eguzki Sistema ikasi eta ikertzeko gizateriak egindako lana aztertzea.
Ebaluaziorako irizpideak
- Ea Eguzki Sistemaren planetak eta haien ezaugarriak ezagutzen dituen.
- Ea Lurraren meridiano eta paralelo nagusiak kokatzen dakien
- Ea Lurraren errotazio- eta traslazio-mugimenduen ezaugarri nagusi eta ondoriak deskribatzen dakien; hala nola, haren errotazio ardatzaren inklinazioarenak ere.
- Ea Lur planetako zenbait tokitako ordua dakien ordu-zonaren arabera
- Ea toki jakin bat eta zenbait gertaera geografiko kokatzen dakien hainbat eskalatako atlasetan eta mapetan, eta, hala dagokionean, koordenatu-sistema erabiltzen ere bai.
- Ea distantziak kalkulatzen dituen eta orientazioa lantzen duen, zenbait mapa eta plano erabilita.
- Ea erabiltzen dituen zenbait irudikapen espazial, era bateko edo besteko azalerak adierazteko.
|