Hasiera Contacto Menua Edukia
1º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Erroma
Atala: Bisigodoak Hispanian

Tolosako erresumatik Bisigodoen erresumara

409. urtetik aurrera, herri barbaro batzuek (sueboak, bandaloak eta alanoak) Pirinioak zeharkatu eta Hispanian sartu ziren. Sueboak eta bandalo asdingoak Galizian ezarri ziren; alanoak, Lusitanian eta Kartagoko zati batean, eta bandalo silingoak, aldiz, Betikan.

Herri barbaroak Hispanian

Garai hartan, bisigodoak, Ataulforen gidaritzapean, Galiaren hegoaldean ziren. Urte batzuk geroago, 418. urtean, Erromako ituna sinatu zuten. Itun horrek Tolosako Erresumaren sorrera ekarri zuen (hiriburua Garona ibaiaren ertzean, Tolosan, zuelako deitu izan zaio horrela), eta horren bidez, Erromari gainerako herri barbaroek Hispanian hartutako lurrak berreskuratzen laguntzeko konpromisoa hartu zuen.

Itun horretan ezarritakoa bete ondoren, galiar lurraldean, bisigodoek frankoei eta horien errege Klovisi egin zieten aurre. Volullen (507) galdu eta gero, bisigodoek hasierako kokalekua utzi eta penintsulan sartu ziren, behin betiko. Bertan, erresuma berri bat sortu zuten, hiriburua Toledon zuena.

Leovigildo

Penintsulan sartu ziren bisigodoak ez ziren 20.000 baino gehiago izango. Hala ere, nahiko azkar ezarri ziren, biztanle Hispaniar erromatar haiek nahiko erraz onartu baitzituzten. Hispaniako biztanleak ez zeuden oso antolatuta eta, horregatik, ezin ziren borrokatu. Gainera, bisigodoek errespetuz jokatu zuten, oro har, biztanleekin (ohiturak, kultura, lurrak, erlijioa… errespetatuz), eta, ondorioz, bisigodoen sarrerak ez zien aldaketa handirik ekarri Hispaniako biztanleei. Leovigildoren erregealdian (568-586), penintsulako ia lur guztien batasuna gertatu zen. Horretarako, sueboen erresuma menderatu behar izan zuten eta hego-ekialdean zeuden Bizantziarrak garaitu.

Arabiarren inbasioak Iberiar Penintsulako Erresuma Bisigodoaren 200 urteko historiari amaiera eman zion. Azken erregea, Rodrigo, Guadaleteko guduan hil zen, 711. urtean.

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.