Hasiera Contacto Menua Edukia
1º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Erroma
Atala: Euskal Herria erromatarren garaian

Konkista eta lurraldearen antolamendua

Erromatarrak hegoaldetik sartu ziren euskal lurraldean erresistentzia handirik topatu gabe. Herri batzuetan, ez zen beligerantziarik egon eta beste batzuk, baskoiak, erromatarren armada osagarrien parte izan ziren. K.a. 179. urte inguruan Graccurris (Alfaro) fundatu zuten. Handik aurrera, hiri eta herrixka berriak sortu ziren, besteak beste Pompaelo (Iruñea), Cara (Santacara), Andelos (Muruzabal Andion), Calagurris (Kalagorri), Tullonio (Dulantzi), Suessatio (Arkaia), Veleia (Iruña), Flaviobriga (Castro Urdiales), Beobriga (Puente Larra), Vindeleia (Santa Maria Rivarredonda), Birovesca (Briviesca), etab.

Udalekotze-prozesu erromatarra

Herrigune eta Erromatar villa gehienak (Cabriana, Cascante, Soto de Ramalete...) ager edo lautadan sortu ziren (Ebro inguruko lurretan); lur horiek egokiagoak ziren nekazaritzarako. Erromatarrak Euskal Herrira heldu zirenean, lurra lantzeko teknika berriak ekarri zituzten, eta horrek aurrerapauso nabarmenak zizkien: animalien indarraz baliatzea, goldearen eta eskuarearen erabilera, landare berriak lantzen hastea, garia, lihoa eta kipula, adibidez. Artisautzarekin lotutako lanbideek ere, garrantzi handia hartu zuten, eta horren erakusgarri Tritium Magallumeko (Tricio, Errioxa) zeramikak ditugu. Merkataritza-harremanak ere, sustatu egin ziren txanpona erabiltzen hasi zirenean.

Saltus edo mendi inguruan ia ez da erromatarren arrastorik ageri; inguru hori, batez ere, mineralak lortzeko baino erabili ez zelako. Bidasoaren bokaletik, itsasoz esportatzen ziren mineralak.

Konkistaren faseak Euskal Herrian

Erromatarrek K.a. I. mendean hartu zuten gaur egungo Euskal Herria. Mende hori arte Penintsula bi probintzia handitan bereizten zen: Hispania Ziterior eta Hispania Ulterior.

Erromatarren konkista hasi zenetik, Euskal Herriko lurraldea bi gune administratibotan bereizi zen. Pirinioetako hegoaldea, Tarrakoko probintzian ezarri zen, eta iparraldea aldiz, Akitanian hasiera batean, eta mende batzuk geroago Novempopulanian. Augustoren garaian, Tarrakoko probintzian zegoen lurraldea bi barrutien barruan egon zen: baskoiak eta beroiak Zesaraugustako komentukoak ziren (Zaragoza), eta barduliarrak, karistiarrak eta autrigoiak, aldiz, Kluniakoan zeuden (Coruña del Conde, gaur egungo Burgosen).

Mendiko jende guztia, xumea da. Mendian bizi direnek janari gutxi dute, ura edaten dute, lurraren gainean hartzen dute atseden, eta ilea solte dutela ibiltzen dira, emakumeak bezala; oihalez estalita eraso egiten diete etsaiei, eta aker haragiaz elikatzen dira batik bat. Akerrak, gerrako presoak eta zaldiak eskaintzen dizkiote Aresi; eta urtero, Greziar erritoei jarraituz, ehun biktimaren eskaintza, hau da, hekatonbea, egiten dute; Pindarok dioenez, espezie bakoitzetik ehun inmolatzen dira. Urtearen bi herenetan, haritzen ezkurra jaten dute. Lehortuta ehotzen dute eta, ondoren, iraupen luzeko ogi mota bat egiteko irina egiten dute. Garagardoa ere edaten dute, ardoa gutxitan; biltzen dutena familiako oturuntzetan edaten dute. Gantza erabiltzen dute olio gisa; eserita jaten dute eta xede horretarako egindako aulkiak dituzte horma ondoan. Adinez eta duintasunez nagusi direnei eskaintzen diete aulkia lehenengo. Edaten duten bitartean, elkarri pasatzen diote janaria; txirularen doinua entzunez dantza egiten dute, eta tronpeta doinuekin ere, dantzan aritzen dira, jauzi eginez, eta belaunak tolesten dituzte jauzi egitean gorputza zuzen dutela. Bastetanian ere, emakumeek gauza bera egiten dute, elkarri eskutik helduta.

Gizonezkoek jantzi luze beltzak janzten dituzte gehienean, eta jantzi horiekin egiten dute lo, belarrezko ohe batzuetan. Argizarizko edalontziak erabiltzen dituzte, zelten modura. Emakumeek jantzi loratuak janzten dituzte. Merkataritzarako, diruaren ordez, trukeaz baliatzen dira, edota zilar xafla zati bat erabiltzen dute. Heriotza zigorra jaso dutenak amildegitik botatzen dituzte. Parrizidak harrika hiltzen dituzte, baina mendietatik eta ibai eta erreketatik urrun. Ezkontzak Greziarren modura ospatzen dituzte. Egiptoarren ohituren antzera, gaixo daudenak sendatu ahal izateko, antzeko gaixotasuna jasan dutenei galdetzen diete zer egin. Brutok konkistatu arte, larruzko ontziak erabili zituzten aintzira eta gatzagetan. Orain, pieza bakar baten bidez landutako piraguak, erabiltzen dituzte. Kolore gorrixkako gatza dute, baina zuritu egiten da birrintzen dutenean. Iberiar Penintsularen iparraldeko kostaldeko mendietan bizi den jendea, hau da, galaikoak, asturiarrak, kantabriarrak eta baskoien lurraldean eta Pirinioetan bizi direnak horrelakoxeak dira. Horrelaxe bizi dira guztiak. Ez dut haien izenak idaztera arriskatu nahi, transkribapenak izugarrizko lana bailuke. Zein gozamen du, bada, Pleutarios, Bardietes, Allotrigas eta entzuteko astunagoak eta ezdeusagoak diren beste izen batzuk entzuteak?

Estrabón, III, 3, 7
Erromatar aztarnak

27

Gure lurralde honetako biztanleen ohitura eta bizimoduaz hitz egiten digun lehen agiri idatzia, Estrabon historialari eta geografoarena da. Hurrengo testu hau arretaz irakurri eta galderei erantzun.

  • Ulertzen ez dituzun hitzen zerrenda osatu eta bila ezazu haien esanahia hiztegian.

  • Nor zen mendian bizi zen jendea? Penintsularen zein gunetan bizi ziren? Estrabonen testuan zein dira aipatzen diren mendi inguruko herriak?

  • Mendiko jendearen zein ohiturak harritzen zuten gehien Estrabon? Zergatik?

  • Zein da hekatonbe hitzaren esanahia gaur egun? Zein zen bere esanahia Estrabonen garaian?

  • Estraboni buruzko informazioa bilatu: jatorria, bizi izan zen garaia, lanik nagusiak... Ezagutza historikoari egin zion ekarpenaren balorazioa egin ezazu.

  • Estrabonek ematen digun informazioa hurrengo atal hauetan antolatu: elikadura, janzkera, erlijioa, dibertitzeko era, merkataritza, etxebizitza, garraioak, ohiturak...

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.