Hasiera Contacto Menua Edukia
1º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Lehenengo zibilizazioak
Atala: Mesopotamia

Antolamendu soziala eta politikoa

Teokraziak

Mesopotamiako biztanleen antolamendu sozialak erlijioa zuen oinarri: mundua jainkoek antolatzen zuten eta gizartea nola egituratu haiek erabakitzen zuten. Mesopotamia teokrazia bat zen. Erregeak jainkoarengandik hartzen zuen boterea eta haren ordezkari zen Lurrean. Horregatik, gurtzaz eta administrazioaz arduratzen zen eta bera zen apaiz nagusia, armadaren burua, epaile gorena eta administrari absolutua.

Awilu (herritar askeak)
Mushkenu (herritar erdi askeak)

Erregearen ondoren awilu edo herritar askeak zeuden,baina horien artean ere zenbait maila bereiz zitezkeen: goi mailako funtzionarioak, apaizak, militarrak, eskribak, merkatariak, nekazariak, artisauak…

Beste gizarte-maila bat mushkenu edo herritar erdi askeak zen. Horien artean artzainak, maizterrak, soldaduak… zeuden. Goragoko maila bateko pertsonen menpe zeuden.

Wardu eta Amtu (esklaboak)

Piramidearen oinarrian wardu eta amtu zeritzenak zeuden, gizonezko eta emakumezko esklaboak. Pertsona horiek salerosketarako erabiltzen ziren eta partikularrenak, tenpluenak edo estatuarenak izan zitezkeen. Gerra garaietan harrapatutako pertsonak, guraso esklaboen seme-alabak edo behar ekonomikoek bultzatuta gurasoek saldutako seme-alabak ziren.

Emakumeak beste pertsona batzuen menpe egoten ziren beti; lehenengo, gurasoen menpe, eta ondoren, senarraren eta aita-amaginarreben menpe. Baina, hori horrela izan arren, familiako ondasunen jabekide zen eta dotean jasotako oparien eta senarrarengandik jasotako ondasunen jabe bakarra zen. Emakumeak alargun gelditzen baziren, ezin zuten familiako ondasunik saldu, baina gizonezko alargunei ez zitzaien halakorik eskatzen. Dibortzioa onartzen zen; emakumeek desabantaila handiak jasan behar izaten zituzten. Nesken hezkuntzak bi helburu izan zitzakeen: ezkontzeko prestatzea, hamar urte bete eta gero ezkon baitzitezkeen, edota bizitza erlijiosorako prestatzea; emakume apaiz modura tenpluan sar zitezkeen. Lanari dagokionez, emakumeek etxeko lanak egiten zituzten eta frutak eta zerealak biltzen laguntzen zuten.

8

Erantzun zure koadernoan.

  • Mesopotamiako emakumeen lege-egoerari buruz pentsatzen duzunaz idatzi. Zure iritziz zergatik bizi ziren horrela?

Familia zen Mesopotamiako gizartearen oinarria, eta familian agintea aitak zuen. Ezkontzak artean gazteak ziren neska-mutilen gurasoek adosten zituzten itun baten bidez eta, bertan, bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak zehazten ziren.

Hiru urte bete arte amek zaintzen zituzten seme-alabak, baina hortik aurrera umeen tutoretza aitei zegokien. Mutilak zorrozki hezten ziren. Aberatsek beren semeak tenpluetako eskoletara bidaltzen zituzten, idazten eta irakurtzen, kalkuluak egiten eta atzerriko hizkuntzaren bat mintzatzen ikas zezaten, eta gainerako denbora kirola egiten, jolasean edo jaietan pasatzen zuten. Gero, lanbide bat ikas zezaketen edo apaiz egin zitezkeen.

Hammurabi Kodea

Mesopotamiarrek kodeetan biltzen zituzten legeak erabiltzen zituzten beren bizimodua gobernatzeko. Guztietan ezagunena Hammurabiren kodea da. Hammurabi K.a. 1.700 urte inguruan Babiloniako erregea izan zen.

Kodea dioritazko harri batean grabatuta dago. Hammurabi eta Samas jainkoen irudiak ditu apaingarri. Semitaz idatziriko 282 artikulu dauzka, eta ezagutzen den lege bildumarik zaharrena da.

9

Erantzun zure koadernoan.

  • Ba al dakizu zer esan nahi duen “begia begi truk eta hortza hortz truk” esaldiak? Zein lotura eduki dezake Hammurabiren kodearekin? Zer iruditzen zaizu?
© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.