Hasiera Contacto Menua Edukia
1º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Natur inguruneak
Atala: Natur ingurunearen erabilera, narriadura eta zainketa

Natur ingurunearen zainketa

Ikusi dugunez, natur ingurunearen narriadura garapenaren ondorio da. Hala ere, aurrerakuntzak ez luke baliabideen agortzea eta kutsaduraren igoera ekarri beharko. Iritzi publikoa, zorionez, ez da isildu ingurumeneko arazoen aurrean. Nazioarteko talde ekologisten (Naturaren Munduko Fondoa, WWF, Greenpeace etab), nahiz bestelakoen (ADENA) lanari esker gero eta handiagoa da ingurumena babesteko kontzientzia.

Gobernuek ere, garapena natura errespetatuz egitea bultzatzen dute nazioartean: baina, aurrerakuntza gutxi lortu da, azken batean, herrialde batzuen interesak nagusitzen direlako.

Ekintza horien guztien helburua planetaren biziraupena bermatzea da. Hala ere, berehala eta atzerapen gehiagorik gabe egin beharreko ekintza batzuk daude, beti ere garapen jasangarriaren alde apustu eginez eta baliabideak modu kontrolatuan erabiliz. Aipa ditzagun ekintza horietariko batzuk:

  • Munduko hazkunde demografikoa mugatzea
    Munduko hazkunde demografikoa

    Arazo larria da munduko hazkunde demografikoa. Ondorengo taulak biztanleriak XX. mendean izandako hazkunde ikaragarria erakusten du eta XXI. mendearen erdialderako espero den hazkundea ere, ikus daiteke.

    Hazkunde horrek desoreka ekar dezake beharren eta baliabideen artean, eta banaketa bidegabea gerta daiteke. Egon daitezkeen irtenbideen artean, familia-plangintza, hezkuntza eta bizi-kalitatearen hobekuntza aipatu behar dira.

  • Baso tropikalaren soiltzea bertan behera uztea

    Baso tropikala (batez ere garatu gabeko edo garapen bidean dauden eta baliabide ekonomiko gutxi eta kanpo-zor handiak dituzten herrialdeetan kokatuta dagoena), eragin antropikoaren ondorioz sortzen den basamortutzea jasaten ari da. Lurrik ez duten natiboek abeltzaintzarako erabiltzeko lurrak erretzean, basamortutze horretan laguntzen badute ere, basoen ustiapena, herrialde industrializatuetako egurgintzako konpainia handien ardura da, eta hondamendi ekologiko ikaragarria eragiten ari dira. Urtero, milaka zuhaitz botatzen dira Ekuatoretik hurbil dauden eskualdeetan errepideak irekitzeko edo altzariak edo papera egiteko.

    Bereizi gabeko baso-mozketa

    Hona hemen irtenbidetariko batzuk: kanpo-zorra murriztearen edo barkatzearen truke basoa babestea, zura bezain errentagarriak diren produktu alternatiboak ustiatzea (kautxua, kanabera, intxaurrak etab), edo zura erregaitarako erabiltzeari uztea edo gutxitzea.

  • Atmosferako kutsadura murriztea
    Hirietako trafikoa

    Europar Batasunak eta nazioarteko beste erakunde batzuek, kutsatzaile gaseosoak ez jaurtitzeko neurri garrantzitsuak hartu dituzte azkeneko hamarkadan. Baina, herrialde batzuen interes ekonomikoen ondorioz, zaila da mundu-mailako erabakiak hartzea

  • Hiriko kutsadura murriztea eta saihestea

    Hiri handietan kutsadura handia dago. Planetako hiririk kutsatuenak Los Angeles, Londres, Mexiko Hiria, Santiago (Txile), Sao Paulo eta Tokio dira. Hirietako kutsadura konpontzeko bidean, nagusiki, honako neurriak hartu behar dira: garraio publikoaren promozioa, bizikleten erabilera zabaltzea, hiri-inguruak oinezkoentzat prestatzea, eremu irekien eta lorategien ezarpena etab.

  • Natur ingurunea eta bere fauna eta landaredia babestea
    Gune babestuaren kartela

    Baso-soiltzeak animalia eta landareen desagerpena dakar. Natur parkeak sortzea animalia eta landare horiek babesteko modu egokia da. Egun, munduko azaleraren % 5 baino gehiago, babestutako ingurunea da.

    Bestetik, ingurumena babesteko erakundeak sortu dira. Erakunde horiek, besteak beste, desagertzeko arriskuan dauden espezieen merkataritza saihesten saiatzen dira.

  • Basamortutzearen kontrako jarduerak:

    Lurzoruko landare-gainazala desagertzeak eta horrek dakarren zoruaren higadurak, areagotu egiten dute basamortutze prozesua. Basamortutze horrek Lurreko azalaren heren bat har dezake, eta 900 milioi pertsonen bizitzetan dauka eragina. Basamortutzearen kontrako borrokak jarduketa azkarrak eta sendoak eskatzen ditu, hala nola, baso-soiltzea kontrolatzea, ureztapen-sistemak erabiltzen hastea, erretako inguruak urbanizatzeko eta abeltzaintzarako erabiltzea debekatzea etab.

  • Energia berriztagarriak garatzea
    Energia berriztagarriak

    Epe laburrean, gaur egun ingurumenean dauden arazoen konponbiderik egokiena, energia berriztagarrien garapena eta erabilera (eguzki-energia, energia eolikoa, marea-energia, energia geotermikoa etab.) da. Energia horiek, agortezinak izateaz gain, garbiak eta nahiko merkeak dira.

15

Taldeko ekintza

Taldean, zuen inguruan dauden ingurumeneko arazoei buruzko argazkiekin eta informazioarekin horma-irudi bat egin eta arazo horiek konpontzeko edo ez areagotzeko hartu diren neurriak azalduz, beste bat egin ezazue.

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.